"Orozko hobetzeko proposamenak" aurkeztu zituen atzo EH Bilduk, Zubiaur plazan egindako ekitaldian. Bea Ilardia batzarkide galdakoztarra egon zen bertan, Samuel Pasandin alkategaiari babesa adierazteko. "Aldaketa gauzatzea" posiblea dela nabarmendu zuen Ilardiak, eta aldaketa horretan sinistea eskatu zien EH Bilduren hautesleei.
Herria hobetzeko proposamenak
Samuel Pasandin alkategaiak azken lau urte hauetan EH Bilduk egindako lana goraipatu zuen, eta bide horretan jarraitzeko konpromisoa berretsi zuen: "herritarrentzako eta herritarrekin batera Orozko hobea eraikitzeko".
Bide horretan, hainbat proposamen mahaigaineratu zituen koalizio abertzaleak atzoko ekitaldian. Besteak beste, tokiko merkataritza eta nekazal ingurua babestu eta indartzeko konpromisoa hartu zuen Pasandinek.
Eredu jasangarriagoa eraikitzeko asmoz, komunitate energetikoak sustatzeko asmoa azaldu zuen ere EH Bilduk, eta alor horretan azken legealdian koaliziotik sustatutako ekimenak nabarmendu zituen.
Bestalde, gobernantza feminista bateranzko bidean, emakumeek zuzendutako espazio bat sortzearen aldeko apustua egin zuten: "Emakumeei zuzendutako gunea, aholkularitza jasotzeko, indarkeria matxistarik gabeko bizikidetza sustatzeko, ahalduntzea eta aldaketak ikuspegi feministatik garatzeko".
Euskararen egoerari ere kezkaz erreparatu zion atzo Pasandinek. Euskararen erabilerak behera egin zuela nabarmendu zuen alkategai abertzaleak, eta egoera horri buelta emateko neurriak aldarrikatu zituen. Horri lotuta, Pasandinek azpimarratu zuen EH Bildurena dela herriko hautagaitza euskaldun bakarra.