Orozkon bizi den Ion Inarritu EH Bilduko parlamentarioa hainbat orduz egon zen Turkiako poliziaren eskuetan igandean, hauteskunde orokorren bozketa bukatu bezain laster. Politikaria Siirte hiri kurduan zegoen HDP ezkerreko koalizioak gonbidatuta, nazioarteko begirale ardurak betetzeko.
Egun on Kurdistanetik!
— Jon Inarritu (@JonInarritu) May 14, 2023
EHBILDUk parte hartuko du nazioarteko begirale taldean, gaur Turkian ehingo diren hauteskundeak normaltasunez egingo direla egiaztatzeko. pic.twitter.com/woOhYsJrhF
Bera eta Espainiar estatuko beste bederatzi kide segurtasun indarrek atxiki zituzten eta polizia-etxean izan zituzten, harik eta herrialdetik kanporatu zituzten arte, ordu batzuk beranduago, jadanik astelehena zenean. Inarriturekin batera Ismael Cortes Podemoseko diputatua edota ERC eta CUP indar politikoen ordezkariak ere bazeuden.
Alderdiek egindako adierazpen bateratuan salatu dute zuzenean ikusi zutela poliziaren jazarpena herritarren aurka ekitaldi politikoetan zein hauteslekuetan -gogoratu beharra dago Siirte Kurdistango Iparraldean dagoela, hau da, Turkiar estatuaren menpe dagoen lurraldean- eta gobernu autoritariotzat jo dute Recep Tayip Erdoganena.
Turkiako Gobernuaren jazarpen eta eskubide urraketak agerian geratu dira beste behin.
— Jon Inarritu (@JonInarritu) May 18, 2023
Nazioarteko Begiraleen ordezkaritza atxiki eta Kurdistanetik kanporatu gintuzten, ez dutelako lekukorik nahi.
Baina ez gaituzte kikilduko. HDPri eta herri kurduari babesa ematen segituko dugu! pic.twitter.com/Ufh9KDT7ek
Oharra plazaratu baino lehen, Aiaraldea Komunikabidea Inarriturekin jarri zen harremanetan eta parlamentarioak azaldu zion egoerak ez zuela ezustean harrapatu, beste egonaldi batzuetan antzeko esperientziak izan baititu Turkian.
Gauzak horrela, Espainiako Gobernuak protesta diplomatikoa egin du eta ezinegona adierazi die Turkiako erakundeei, inolako argudio eta azalpenik gabe herritarrak atxiki eta kanporatzeagatik.