Martxoaren 17an erabat aldatu zen Orozkoko mapa politikoa. Egun horretan iragarri zuen Adie talde independeteak bukatutzat emango zuela bere 12 urteko ibilbidea eta ez zela berriz udal hauteskundeetara aurkeztuko, "ziklo bat" bete zuelako eta ez zitzaiolako "erreleborik" iritsi. Talde hori egon da gobernuan Orozkon 2011tik hona, eta azken bi legealdietan gehiengo absolutuarekin, gainera. Lehen bi agintaldietan Josu San Pedro izan zen alkatea. 2019an, aldiz, Pedro Mari Intxaurragari pasa zion aginte makila. Urte hartako hauteskundeetan 746 boto eskuratu zituen Adiek (%49,18), EAJk 401 (%26,43) eta EH Bilduk 285 (%18,79) herritarren babesa jasotzen zuten zuten bitartean.
Gauzak hala, argi dago azken hamarkadan oposizioan egon diren bi taldeen artean egongo dela lehia datorren maiatzaren 28ko zitan, baina ikusteke dago nora joango diren orain arte Adiekoak izandako botoak. Ildo horretan, Elkarrekin Podemos aurkeztea ere baldintzagarria izan daiteke, euren apustua, neurri batean, Adieren hutsunea betetzea baita.
Era berean, ikusteke dago abstentzioa asko puztuko den edo ez orain arte udaleko indar politiko nagusiena desagertu ostean.
Modu batean edo bestean, gauza bakarra dago argi: Orozkoko Udala erabat aldatuko dela ekainetik aurrera.