Zorionak lortutako emaitzengatik. Zer moduz zaude, nola jaso duzu emaitza?
Aurreko hauteskunde deialdian 400 botorekin geunden, eta oraingo hauetan 265 boto gehiago eskuratu ditugu. Hiru zinegotzi izatetik zazpi izatera pasa gara. Emaitzak oso onak direla uste dut. Sei eta zazpi zinegotzi artean eskuratzea espero genuen, eta emaitza espero genezakeen onena izan da.
Zer balorazio egiten duzu lortutako emaitzaren inguruan?
Parte-hartzea oso ona izan da, hauteskunde giro ona izan dugu, ez da arazorik egon eta herritarrek erabaki egin dute; eta gu, noski, oso pozik gaude.
Gehiengo osoa eskuratuta, zeintzuk izango dira EAJren lehentasunak agintaldi honetan?
Lehenik eta behin, udalean sartuko gara eta gauzak nola dauden ikusiko dugu, aurtengo aurrekontuak eginak baitaude dagoeneko. Herriko elkarteekin hitz egingo dugu, eta eurek esaten digutenaren arabera eta gure programa politikoaren arabera, lau urterako plana osatuko dugu, proiektu bakoitza bere epealdian kokatuta.
Erronka bakoitza aztertu beharra dago; zeintzuk dauden gure aukera eta baliabideen esku, zeintzuk diren beste erakunde batzuen menpeko... Gure esku dagoena, noski, lehen urtetik bertatik gauzatzen ahaleginduko gara, datorren urteko aurrekontuetatik bertatik hasita. 2023 hau udalera iritsi, egoerak aztertu eta lanean jartzen hasteko baliatuko dugu.
Bukatzeko, zer mezu helarazi nahiko zenieke herritarrei?
Hiritartasun ariketa egokia egin dute, modu zuzenean eta aldarte oso onarekin hurbildu dira parte hartzera, eta nik eskerrak eman behar dizkiet. Ni Orozkokoa naiz, betidanikoa, eta egoera eta momentu honetan aurkeztu dut nire burua hauteskundeetara eta herritarren gehiengoaren babesa dudala ikusi dut. Hori eskertzea besterik ez zait geratzen.
Era berean, EH Bildu eta Podemosekoei ere eskerrak eman nahi dizkiet, eta nire esperantza helarazi, lau urte barru elkarrekin Orozko hobe bat erdiesteko esperantza.