MARIAN BILBAO EREÑO

“Ikaragarria da aste batean zehar beste mundu batean bazeunde bezala bizitzea”

Aitor Aspuru Saez 2023ko eka. 3a, 08:00
Eskualdeko ordezkariak Desert Trophy panda edition raid-ean. / Argazkiak: Desert Trophy

MARIAN BILBAO EREÑO (Orozko) Desert Trophy panda edition raid-ean parte hartu du berriki, bere senarra den Enrike Ganzabalekin eta eskualdeko beste hainbat gidarirekin batera.

Zein lasterketatan parte hartu duzue eta noiz izan zen?

Desert Trophy Panda Edition raid-ean hartu genuen parte eta urtero bezala, otsailean izan zen. 
 
Zein postutan bukatu zenuten? Nola baloratzen duzue zuen partaidetza?

Gure mailan, 4x4-koan hain zuzen ere, 3. postuan geratu ginen. Horretaz gain, 4x2-koa eta Adventure izenekoa ere egon ziren. 

Orokorrean nahiko ondo moldatu ginen egunik gehienetan baina azken eguneko etapa ez zen erraza izan, eta gainera guk genituen mapak ez ziren bereziki oso onak. Kontua da batzuetan mapa ikusita, bidea, zuk joan nahi duzun tokiraino doala ematen duela baina gero bertara heltzen zarenean, pista bukatu egiten da edo zuri ondo ez datorkizun toki baterantz doa. Honen ondorioz behin baino gehiagotan hartu genituen okerreko bideak eta hainbat denbora galdu genuen, beraz ezin izan genuen, nahi eta postu hobea lortzeko behar beste puntu lortu.

Zenbat egun izan ziren eta zenbat kilometro egin zenituzten?

Otsailaren 17an atera ginen hemendik, eta hurrengo egunean Almerian hartu genuen ferrya Nadorrera joateko. Otsailaren 19an lehenengo etapa egin genuen eta hurrengo  egunetan, ondorengoak bostak. Larunbatean Mideltetik berriro Nadorreko portura bueltatu ginen eta iluntzean ferrya hartu genuen bertan. Hurrengo goizean, otsailak 26, Almeriara heldutakoan eta jendea agurtutakoan, etxera bueltatzeko bidea hartu genuen. Beraz, Marokon 7 egun izaten dira baina gu Almeriatik beste muturrean gaudenez, beste bi edo hiru gehiago behar ditugu joan-etorria egiteko. Orotara 2000 kilometro inguru egin genituen Marokon.

Zeintzuk dira baldintzak lasterketa horretan parte hartzeko?

Egia esan Panda auto bat edukiz gero, uste dut edonork har dezakeela parte. Horretaz gain, harea artetik, dunetatik eta paraje ezberdinetatik gidatzeko gogoa izatea eta batez ere, abenturarako gogoa edukitzea, oso garrantzitsuak edo ezinbestekoak direla esango nuke.

Zein izan da zuen arrakastaren sekretua?

Sekretua? Bueno ez dut uste sekreturik dagoenik, nire ustez hiru elementu garrantzitsu daude: alde batetik nabigazioa apur bat menperatzea, zenbat eta hobeto dakizun nabigatzen hobeto gidatuko duzulako pilotua; bestetik, gidatze lanetan ondo moldatzea, arlo horretan ahalik eta arazo gutxien edukitzeko, adibidez dunetan, harea artetik eta toki zailetatik autoa kontrolatzen jakitea oso lagungarria delako; eta azkenik, autoa zaintzea, denbora guztian topean eramaten baduzu eta zaintzen ez baduzu, errazena apurtzea delako eta horrek, hurrengo egunerako konponduta eduki ezean, ezin atera izatea suposatuko lukeelako.

Zein sentsaziorekin bukatu zenuten lasterketa?

Sentsazioa ederra da. Azken finean esperientzia bizitzera joaten gara, gainera autoari ezer apurtzen ez bazaio eta ondo erantzuten badu, egunero atera ahal zara etapan parte hartzera; beraz, hori da gertatu ahal zaizun gauzarik hoberena. Horretaz gain, orokorrean egunez-eguneko lana txukun xamar egitea lortzen baduzu, ba... zer gehiago eska dezakezu? 

Zenbat jendek parte hartu zuen proban?

Lehen esan dudan bezala hiru maila egon ziren. Gurean, 4x4-koan, 29 taldek hartu zuten parte, 4x2-koan 32k, eta azkenik, Adventure mailan, 9 izan ziren parte hartu zutenak. Maila honetako parte-hartzaileek ez zuten egin behar beti guk egiten genuen ibilbide bera, errazagoa izaten zen eta etapa modu lasaiagoan eta astiroago egiten zuten, nolabait turismo apur bat egiteko aukeraz gozatuz.

Aiaraldeko gidari gehiagorekin aritu zineten, zer moduz harremana?

Bai, Areta, Laudio eta Amurrioko parte-hartzailez osatutako beste bi ekipo joan ziren. Bat Roge Hinojosak eta Iker Arenazak osatutakoa eta bestea Asier Etxebarriak eta Ruben Bengoak. 

Egia esan ferryra sartu orduko elkartu ginen eta bidaia osoa egin genuen seiok batera. Lehenengo momentutik antzematen zen giro ederra gure artean eta harreman polita sortu zen. Etapetan zehar normalean elkarrekin ibiltzen ez ginen arren, gainontzeko denbora tarteetan, afari eta gosarietan, briefingetan, tarte libreetan,... gehienetan batera egoten ginen. 

Zuen lehen aldia izan da?

Ez, guretzat aurtengoa bosgarren aldia izan da. Lehenengoan, 2017an, Enrikek eta Anderrek (gure semeak) hartu zuten parte, eta Naia (gure alaba) eta biok 4x4 ibilgailu batean joan ginen. Handik aurrera Enrike eta biok joan gara parte hartzera, beraientzat zaila delako garai horretan hainbeste egun libre hartzea eta beraien egunerokotasuna apurtzea. Dena den gustatuko litzaiguke egunen batean laurok joatea eta bi autorekin parte hartzea.

Errepikatzeko asmoz zaudete? Zergatik? Zein da lasterketa horren alderik onena zuentzat?

Bai, bai. Honez gero eginda daukagu datorren urteko ediziorako aurretiko izen-ematea. 

Esperientzia ikaragarria da, egun osoan zehar etapan zaude zentratuta, egin beharrekoa ahalik eta hoberen egitean eta ahalik eta gutxienetan okertzean. Inguratzen zaituen paisaia zeharo ezberdina da, eta bertako jendeak eta beraien bizitzeko moduak ez dauka inolako zerikusirik gurearekin. Horrek nolabaiteko lasaitasuna ematen dizu eta gezurra dirudien arren, oraindik eta toki batzuetan, egun osoan korrika eta presaka ibili gabe bizitzea posible dela ikusarazten dizu. Ez dakit alderik onena den, baina ikaragarria da aste batean zehar beste mundu batean bazeunde bezala bizitzea.

Gauean etxekoekin hitz egiten duzun tarte hori da eguneroko errealitatera bueltatzen zaituena; gainontzeko denbora, ehuneko ehunean bertan duzunaz eta inguratzen zaituenaz gozatzeko eta egunerokotasunaz guztiz deskonektatzeko da.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide