Urriko Udal Osoko Bilkuran aurrera egin zuen EH Bilduk aurkeztutako mozioak Euskalgintzaren Kontseiluak antolatutako mobilizazioaren harira. Jeltzaleek eta koalizioak bat egin zuten Bilbon azaroaren 4an egingo den manifestazioa babesteko.
Uztailaren 6an Espainiako Konstituzio Auzitegiak udalerri euskaldunei euskara hutsez funtzionatzeko aukerak murriztu zizkien, EAEko Udal Legeko 6.2. artikulua partzialki baliogabetuta. Epaiak, Udal Legearen aurka, udalei euskara hutsez aritzeko aukera ezeztatu zien. Emandako epaiaren aurrean, kezka larria erakutsi dute EAJ eta EH Bilduko udal talde politikoek.
Era berean, euskararen normalizazio eta biziberritze prozesuari oztopoa jartzearen aurka, hizkuntza-politikak garatzeko herritarren eta udalen erabakimenaren defentsa egin du Orozkoko Udalak.
Gauzak horrela, tokiko erakundeak herritarrak deitu ditu azaroaren 4an Euskalduna Jauregitik 17:00etan aterako den mobilizazioan parte hartzera.