Gaztaina Eguna ospatuko dute orozkoarrek igandean. Urtero bezala Supelaur elkarteak ekimenaren edizio berri bat prestatu du, aurtengoa XXII. izango da zehazki.
Gaztainak euskal jendartean izan duen garrantzia goraipatzeko eta honen bilketa ospatzeko eguna izango da urriaren 29a, eta, horretarako, mendi ibilaldia eta herri bazkaria egingo dituzte.
Igandean 9:50ean autobusez abiatuko dira Hegoaldetik, kirikino hesien mendi ibilaldiari hasiera emateko. Autobusak Usabelen utziko ditu mendizaleak eta bertatik ibilaldi gidatua abiatuko dute Telleri, Lastrabe eta Irukusgietan barrena.
Irukusgietan gaztaina eta txorizo dastaketa egingo dute, eguraldia lagun baldin badute.
Egunari amaiera emateko herri bazkaria egingo dute Zubiaur auzoko frontoian, 14:30etan.