Mariren Kobak Trail Lasterketak orientazioa, mitologia eta kirola uztartuko ditu larunbatean. 07:00etan abiatuko dira Urigoititik eta une horretan emango diete antolatzaileek parte-hartzaileei mapa bat, zeinean Mari euskal mitologiako jainkosa egoten zen kobak agertuko diren.
Lasterkari bakoitza bere kaxara joango da eta kobazulo guztietan sartu beharko da, sakelakoa baliatu gabe. 12 ordu izango dituzte toki guztietatik igarotzeko. Guztira, 93 kilometroko ibilbidea eta 5.400 metroko desnibela gainditu beharko dute.
Bestelako arauak ere egongo dira: "Jakina denez, Euskal Herrian ezin da edonola sartu Mariren kobazuloetan eta abentura honetan ere euskal mitologiaren antzinako legeak jarraitu beharko dira. Mariri ezin zaio inoiz bizkarra eman eta kobazulotik atera behar da sartzen den bezala, hikan hitz egin behar zaio eta ez zaio inoiz begietara begiratu behar. Beste arau berezi batzuk ere baditu ekimenak. Izan ere, derrigorrezko material gixa, parte hartzaile guztiek txorizo, saltxitxoi edo antzekoren bat eraman beharko dute gainean zigilaturik proba guztian zehar eta Mari jainkosaren aurrean elegante agertzeko, alkandora bat eraman beharko dute jantzita".
23 parte-hartzaile baino ez
Irteera puntuan 3 emakume eta 20 gizonezko egongo dira lehen edizio honetan eta ez dira nolanahiko kirolariak izango. Horien artean izen entzutetsuak daude:
Uxue Fraile Azpeitia (Donostia, 1974): Euskal Herriko hamaika ultren irabazle, Ehunmilak, Goierriko Bi Handiak, Euskal Herria Mendi Erronka eta baita hemendik kanpo ere hainbat lasterketen podiumetan egondakoa, UTMB entzutetsua, Transvulcania, Lavaredo Ultrataila, Diagonale des Fous…
Iker Karrera Aranburu (Amezketa, 1974): Hau ere Euskal Herria Mendi Erronka bezalako lasterketan Euskal Herrian irabazia eta UTMB entzutetsuan bi bigarren postu egindakoa, Tor des Geants irabazitakoa eta orain, Transgrancanaria 360-rako entrenamendu moduan Mariren Kobak Trail-en parte hartuko duena.
Oriol Antoli Sarrau (Terrassa, 1983): Backyard Ultra estiloko hainbat lasterketaren irabazlea
David Ariño (St.Llorenç de Morunys, 1991): Argazkilaria.