Nolakoa izan zen zuen bizitza aldaketa gerrillari izatetik bizitza zibilera itzulita?
Margarita Vasquez: FARC antolakundean militatzen nuen lehen, 32. frontean, Kolonbiako hegoaldean. Gure borrokak aldaketa eta konponbide berdinzalea bilatzen zuen, baina beste modu batean bilatu dugu azkenean. Orain COOMPAZCOL kooperatiban nago eta han gaudenok bizitza zibilera itzulitakoak gara. Komunitateekin elkarlanean ari gara eta trebakuntza sustatzen dugu.
Esther Noemi Gutierrez: Guajirako lurraldean bizi naiz. 59. frontean nenbilen lehen FARC-EP antolakundean. Parekide Elkartearekin eta Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntzarekin Orozkon egon gara jendeak jakiteko zer izan ginen eta zer egiten dugun orain ere.
Hain zuzen, egun 400 FARC-eko gerrillari ohi hil dituzte Bake Prozesuko akordioak sinatu zirenetik. Horrez gain, komunitateen 1.200 ekintzaile eta lider ere erailak izan dira bake prozesuaren ondoren.
Fronte ezberdinetakoak izanik, nola bukatu duzue proiektu berean?
M.V.: Bake elkarrizketak hasi zirenean, Guajirara bidali ninduten eta han sei urte eman ditut bizitzen, herritar eta burkide berriak ezagutzen. Horrela sortu genuen kooperatiba, landa-eremuari lotuta. Gure asmoa da gure produktuak ekoiztea eta ateratzea, komunitateak konturatu daitezen baturik proiektuek aurrera egiten dutela.
Kooperatiba barruan lan ildo anitzak dituzue.
E.N.G.: Bai, ekintzailetza anitza jorratzen dugu, nekazaritza edota abeltzaintza gure helburua izanik. Mendian geundenean, guk ekoizten genuen gure janaria.
Bake prozesua hasi zenean ez genuen ezer, baina gizonezko batek, borondate onez, alokatu zigun lursail bat erosteko aukerarekin. Hor hasi ginen tomatea edota banana landatzen, baina Guajirak ezaugarri berezia dauka; nahiko lehorra da. Ondorioz, labore horiek ez dute balio. Aldaketa klimatikoarekin batzuetan ez du euririk egiten eta labore batzuk galdu genituen.
Bestalde, gure artean bazegoen jendea gerrillarien uniformeak egiten zituenak. Joskintza tailerra egin zuten menditik ekarritako makinekin. Horrela hasi ginen egiten sukalde edo industria uniformeak, izerditzeko jertseak... Freskoak dira eta berehala lehortzen dira.
Bazegoen ere arotza eta tailer bat sortu genuen, makinak eskuratu eta mahaiak, ateak edota leihoak egiteko.
Gainera, ikastaro baten ostean, oilo errule unitatea eratu dugu. 3.600 oilo ditugu. Gerrillan egondako emakume bat da horren arduraduna.
Badugu ere eraikuntza bloke ekologikoak egiteko makina. Gure asmoa da lurrak formalki ematen dizkigutenean tresnak izatea gure etxeak egiteko, bloke ekologikoekin. Eraikuntza bloke gehienek Kolonbian kalte ekologiko handia sortzen dute. Zailtasunak izan ditugu ziurtagiriak lortzeko, Kolonbian eskatzen baitituzte blokeak ekoizteko eta oso zorrotzak dira.
Kooperatibaren beste proiektu bat da abeltzaintzarena. 65 bazkide batu gara. Helburua ez da soilik bizirauteko tresnak izatea, elkarrekin jarraitzea ere dugu xede.
Une hauetan lauzpabost kooperatiba kide baino ez daude FARCeko kideak izan ez direnak. Heltzen joan dira eta gu bagaude zabaltzeko egoeran. Helburua da komunitateetako jendea batzea prozesuetara. Nahi dugu komunitatea prozesuko parte izatea. Lehenik eta behin trebakuntzan, jendea gero eta hobeto antolatzeko, guztiok gure produktuak prezio hobean saltzeko. Batzuek ez dakite nola zaindu produktua edo nola atera merkatura eta horretan ere lagundu nahi dugu.
LGTBI komunitateari buruz ere hitz egitera etorri zarete.
M.V.: Gu beti errespetuzkoak izan gara identitate horiek zuten pertsonekin. FARC-en bazegoen komunitate horien kideren bat, baina beti errespetuz landu da. Berez, Genero Batzordea zegoen erakundean horri buruz eztabaidatzeko. Norberak hartu behar duen erabakia da eta guk ez dugu inor alboratzen. Bakoitza bere identitatetik saiatzen gara loturak sortzen eta barne hartzen.
E.N.G.: Genero Batzordea gerrillarien artean sortu zen. Gure armadaren barruan ez zegoen LGTBI komunitateko kiderik, erakunde militarra zen eta arrazoi militarren ondorioz hori ez zegoen baimenduta, bizitza militarrean ez baitzegoen ezberdintasunik emakume eta gizonezkoen artean.
Herritarren artean zegoen FARCeko jendearen artean, ordea, bazegoen LGTBI kolektiboko jendea eta inoiz ez zen izan arazoa. Norberaren erabakia zen eta guk normaltzat jotzen genuen.
Bake prozesuaren ostean ez dugu ezberdintasunik ezarri gure artean eta kide batzuek aldarrikatu dute euren burua LGTBI kolektiboko kide gisa. Ez dauka eraginik gure artean. Prozesu bat da eta Guajiran oraindik ere matxismoa oso handia da eta jorratu behar dugu lan inklusiboa egiteko.
Herri indigenen gaia ere Kolonbian presente dago.
M.V.: Gerrillan bazeuden etnia anitzeko burkideak. Guk inoiz ez genituen zalantzan jarri euren sinismenak edo ideiak. Beti tratatu genituen errespetuz eta euren lurraldeetatik igarotzeko beti eskatzen genien baimena. Gutxienez, nire jatorrizko departamentuan, Tucumayon, etnia ugariko kideak sartu ziren FARCen eta egunerokoa partekatzen
Bake prozesuaren ondoren, aipatu duzuen moduan, FARCeko ehunka militante ohi erail dituzte. Horrek eragin izan zuen kooperatiba sortzeko orduan, elkarrekin jarraitzeko?
M.V.: Negoziazioen barruan hitz egindakoagatik, gerrillariok uste genuen gure bizi baldintzek hobera egingo zutela, baina errealitatean ez da hori gertatu. Gobernuarekin adostutakoa ez da bete eta mehatxu gisa tratatzen gaituzte. Eskuineko sektoreek esaten dute aurreko presidenteak boterea eman diola FARCi.
Hala ere, guk erabaki dugu erakutsi behar dugula ez garela esaten dutena. Gure asmoa da prozesuak abiatzea kooperatibismotik, lidergoa hartzea eta jendea kontratatzeko ahalmena izatea; gerrillari ohiak zein herritarrak. Guk ez dugu boterea hartuko, are gutxiago Kolonbia bezalako herrialde batean, baina herritarrekin elkarlanean arituz gero, modu antolatuan egin dezakegu lan.
Zein da bizitza zibilera itzuli den jendearen patua?
E.N.G.: Prozesuaren ostean espazioak sortu zituzten gerrilla uzten genuenok toki bat izateko eta jende askok utzi ditu jadanik. Batzuk beldurragatik joan dira, beste batzuk ez dagoelako lan egiteko aukerarik edo proiekturik egonkortasuna lortzeko. Zazpi urte igaro dira eta askok seme-alabak dituzte. Horrez gain, familiak ere joan dira bizitzen gerrillari ohiekin. Gure proiektuak ez dira bideragarriak Gobernuak ez dituelako babestu eta ezin diegu senide edo seme-alabei egonkortasunik eskaini.
Hori dela eta, asko joan dira aukera hobeen bila. Oso zaila izan da. Guajiran ez dugu izan Kolonbiako beste leku batzuetan gertatu den arazoa eta gure kasuan soilik erail dute kide bat. Hala ere, liderren hilketek eragin dute jende askok jotzea hirira.
Bake prozesua oso konplexua izaten ari da eta ez digute babesik eman bizitza zibilera itzultzeko.
Dena den, oraindik ere fronte batzuk aktibo daude eta gerrillariak existitzen dira.
M.V.: Akordioak sinatu zirenean, erakunde batzuek adierazi zuten ez zeudela ados eta iruzurra izango zela. Horregatik, ez zuten borroka armatua utzi. Egin zuenak kontzienteki egin zuen. Guk ez dugu harremanik, kontraesanik edo talkarik izan eurekin. Gu beste errealitate batera batu gara, bizitza zibilera, eta eurek ez dituzte armak utzi.
Prozesua dagoen moduan, zein da zuen hurrengo urratsa?
M.V.: Gure apustua da bizitza ahalik eta libreena izatea. Hori oso zaila da, baina gutxienez egonkortasuna eta lanpostua utzi nahi diegu gure seme-alabei. Egoera hobetzea baino ez dugu nahi. Horretarako, lanean jarraitu behar dugu. Bakoitzak bere kabuz egiten badu zaila da, baina elkarrekin oraindik kohesioa dugu helburuak lortzeko, komunitateekin eta kideekin.
E. N. G.: Azken hauteskundeetan guk bagenuen hautagaia Guajiran. Bozak behin eta berriro lapurtzen dituztenez, jendea haserre zegoen eta guri leporatu digute amorru hori sortzea. Berriro ere estigmatizatuak izan gara. Terroristatzat tratatu gaituzte eta gure itzulera bizitza zibilera ez da erabatekoa. Guk dena ondo egin arren, zaila da aurrera egitea, terroristatzat jotzen gaituzte eta. Horregatik sentitzen dugu etengabe gure bizitza arriskuan dagoela.