Batzorde informatiboak arratsaldez egitea proposatu dio Orozkoko EH Bilduk EAJren Udal Gobernu Taldeari, "orozkoarren parte hartzea sustatzeko". Oposizioko talde politikoak gogorarazi du "aspaldi" erabaki zela Udal Osoko Bilkurak 19:00etan egitea, arrazoi beragatik. "Baina batzordeak goizean edo eguerdian egiten dira eta horrek orozkoarren parte-hartzea oztopatzen du, eta ondorioz, batzordeak ez daude orozkoarren ahalmen, disponibilitate eta errealitatera egokituak", azaldu dute koalizio subiranistako kideek.
Gauzak hala, hainbat urrats ematea eskatu dute EH Bilduko zinegotziek: "batzorde informatiboak arratsaldez deitzea, deialdiak udal webgune, sare sozial eta udal aldizkariaren bitartez helaraztea eta aldaketa hau arautzeko, aurretik aipatutako neurriak, Hiritarren Partaidetza Sustatzeko Udal Ordenantzan jasotzea".
Talde politikoko kideen aburuz, "herritarrei udal gaien berri emateko espazioak" dira batzorde informatiboak. Gauzak hala, herritarren parte hartzea funtsezkoa dela uste dute, eta baita euren "iritzi, kezka, eskaera edo proposamenak entzun eta kontuan hartzea" ere.