Orozkok hitzordu enblematikoa izango du larunbatean, Santa Luzia Azoka ospatuko baitu. 10:00etan abiatuko dute lehen sektorera lotutako topaketa. Ordu horretan irekiko dute Hegoalden jarriko duten karpa tokiko nekazarien produktuekin eta artisauek euren tokia izango dute plazan.
Terreña arrazako behiak izango dira protagonistak jarraian. Izan ere, 10:30ean animali mota horren lehiaketa hasiko da eta epaileek euren lanei ekingo diete. Egun osoan trikitilariak egongo dira gainera, herrigunea girotzen.
11:00etan Kalakako egurrezko jokoak erabiltzeko parada izango dute umeek Hegoalden eta 11:30ean 'Jauregiak eta etxezarrak' bisita gidatua hasiko da Orozko Museoan. Horrez gain, Aitor Intxaurragaren 'Lau urtaroak' erakusketa prest egongo da bisitarientzat, leku berean.
Horrez gain, 12:00etan terreña behiko hanburgesak salduko dituzte eta 12:30ean Ganguren testaje zentroko zekorren enkantea helduko da.
Azkenik, 13:30ean lehiaketako sariak banatuko dituzte eta handik ordu erdira amaituko da azoka.