Orozkoko EH Bilduk aldeko botoa eman zien udal aurrekontuei abenduaren 14ko udalbatzan. Koalizioak oso modu positiboan baloratu du EAJk izandako prestutasuna bere proposamenak onartzeko.
Koalizioaren ustez, azken hiru legealditan ez da horrelakorik gertatu eta berriki lortutako adostasuna "akordio zabalak lortzeko borondate eta iniziatiba politikoari esker izan da".
Zehazki, EH Bilduk aldarrikatu du "udal zerbitzuak hobetu, trantsizio
energetikoan aurrera egin, politika feministetan sakondu eta tokiko merkataritza eta lehen sektorea sustatzeko ekarpen zehatzak" egin dituela.
Hain zuzen, honako hauek izan dira:
- Euskara eta berdintasun arloak indartzea.
- Liburutegiko ordutegia luzatzea.
- Tokiko merkataritza sustatzeko kanpaina abiatzea.
- Komunitate energetikoak martxan jartzeko diru-partida bat bideratzea.
- Emakumeen Etxea sortzeko prozesua martxan jartzea.
Halaber, aurten proposatutako zenbait egitasmo jaso dituzte:
- Udal eraikinetan eguzki plakak jartzeko inbertsioa.
- Lehen sektorean belaunaldi aldaketa bultzatzeko neurriak.
- Herriko argiteria handitu eta puntu beltzak ezabatzeko partida.
Edonola ere, EH Bilduk azaldu du oraindik hobetzeko tartea dagoela udal aurrekontuen prestaketan eta hurrengoan parte hartzerako prozesua abiatzearen beharra aipatu dute.