2023KO MUGARRIAK

Madres Mercedarias: Bake soziala azkenean?

Aitor Aspuru Saez 2024ko urt. 3a, 16:55

Laudioko San Pedro elizan itxialdia egin zuten Madres Mercedariaseko langileek maiatzean. / Aiaraldea.eus

Madres Mercedarias erlijio taldeak ibarran duen zaintza zentroa polemikaren erdigunean egon da 2018tik hona, baina 2023an akordioa lortu dute langileek zentroa irekita mantentzeko.

2018an hasi ziren laino beltzak pilatzen Madres Mercedarias erlijio taldeak Ibarran duen zaintza zentroan. Han artatzen dituzte aniztasun funtzionala duten hainbat emakume eta duela bost urte Grupo Norte enpresak hartu zuen bere gain zerbitzuaren kudeaketa. Langileek zein erabiltzaileek berehala nabaritu zituzten eraginak; lan hitzarmena aldebakartasunez aldatu eta baldintzak okertu zituzten. Gainera, zerbitzuaren kalitateak behera egin zuen, beharginek salatu zutenez, pertsonal gutxiago baliatzen baitzuten zaintzetarako. Sindikatuek azpimarratu zuten Grupo Nortek eskala bikoitza erabiltzen zuela langile berriei 800 euro eskas ordaintzeko, asteburutan lan egitera behartu zituzten beharginak eta bi kaleratze gertatu ziren. 

Horrek guztiak giroa nabarmen berotu zuen Ibarrako zentroan kontratatuta zeuden emakumezkoen artean (komenigarria da ez ahaztea zaintzen sektorea oso feminizatua dagoela) eta hainbat greba eta mobilizazio antolatu dituzte 2018tik gaurdaino. Protesta kopurua, gainera, izugarri areagotu da aurten, zentroaren gainean eroritako mehatxuaren ondorioz. 

Urte hasieran jakinarazi zuten 73 emakume erabiltzaile eta 43 langile zaintzaile kale gorrian utziko zituztela, eta borroka zikloa abiatu zuten orduan beharginek.

Hain zuzen, Madres Mercedariasek iragarri zuten aurten izango zela euren azken urtea zentroan. Hau da, 73 emakume erabiltzaile eta 43 langile zaintzaile kale gorrian utziko zituztela. Arriskua bikotza zen. Alde batetik, Aiaraldean indarrean dagoen enplegua suntsitzeko joeran sakontzea. Bestetik, zaintzak eta arreta behar dituzten 73 emakume guztiz babesgabe uztea, zerbitzu hori jasotzeko itxaron zerrenda luzea baita. Hortaz, beharginen erantzuna hordagoaren tamainakoa izan zen, eta albistea jaso bezain pronto, astebeteko greba deitu zuten. Gero, hainbat eguneko grebak heldu ziren eta mobilizazio anitzak Orozkon, Laudion (eliza okupatu zuten apirilaren 23an eta egun osoko itxialdia egin zuten) eta Bilbon, Bizkaiko Foru Aldundiari exijitzeko zentroaren zerbitzua mantentzea. Ziklo luze horretan hainbat bidelagun topatu dituzte; Mugimendu Feminista, beste enpresetako langileak, Aiaraldeko Greba Batzordea... eta gatazkari eutsi diote.

Ahalegin horren ondoren, azaroan jakin izan zuten Madres Mercedariaseko zentroak jarraituko duela, eta Aita Mennik izango duela kudeaketaren ardura. LAB eta ESK sindikatuek (enpresan ordezkaritza dutenek) azpimarratu dute etengabeko mobilizazioari esker enpleguaren mantenua Bizkaiko Foru Aldundiaren eta gainerako eragileen agendan txertatu dutela eta horrela bermatu dutela behargin ororen subrogazioa. 

Orain hori lortuta, ikusteke dago lan-baldintzen hobekuntza helduko den aro berri honetan eta, ondorioz, bake soziala itzuliko den Ibarran kokatuta dagoen zentrora edo, aldiz, borrokak jarraituko duen.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide