AITOR IZA

“Uraren kudeaketak legealdi osoa baldintzatuko du”

Aitor Aspuru Saez 2024ko urt. 18a, 11:05
Aitor Iza, Orozkoko Udaletxeko bulegoan. / Aiaraldea.eus

AITOR IZAri aldaketa ugari ekarri dizkio 2023 urteak. Eusko Alderdi Jeltzaleko alkategaia bihurtu eta gehiengo osoa eskuratu zuen Orozkon. Bere lehenengo hilabeteen balorazioa egin du.

Hauteskundeetan gehiengo absolutua eskuratu zenuten eta pentsatzekoa da aurreikusita zenuela.

Ez genuen espero zazpi zinegotzi lortzea. Bai irabaztea, baina ez zazpi ordezkarirekin. Horrek poztasuna sortu zigun, are gehiago aintzat hartuta EAJren emaitza orokorrak ez zirela izan espero zirenak. Gainera, EH Bilduk boza gehiago izan zituen. Hortaz, Orozkoko Udala gehiengo osoarekin berreskuratzea oso emaitza ona izan zen, gure ustez.

Nolakoa izan da Udalean sartzea?

Pertsonalki aldaketa izan da bizitzan. Konpromisoa hartu dut herriarekin eta aldaketa ugari ekarri ditu, baina aurretik asko pentsatu nuen. Behin hori erabakita, aldaketa positiboa izan da, ondo daramat eta pozik nago, ikusi baitut herritarrak lagundu ditzakedala. 

Talde moduan, gure helburua izan da hautsak harrotu gabe sartzea. Lehenik eta behin aztertu dugu zelan dagoen dena, ekonomikoki zein antolakuntzari dagokionez, eta guk gustura lan egiteko antolatu dugu, betiere teknikarien iritzia kontuan izanda, urte ugari eman baitituzte hemen. Interesgarria da jakitea euren iritzia, guk baino hobeto baitakite nola funtzionatzen duen Udalak. Azken finean, gu erakundera heldu berri gara.

Zein da Udalaren egoera une honetan?

Ekonomikoki oso ondo dago. Gero, egia da zenbait kontratu, bereziki argindarrarena, ez zirela betetzen ari. Saiatu gara hori ondo jartzen eta oraindik ere arazoren bat dago.

Esparru sozialean antzeko prozesua izan da. Ahalegina egin dugu euren iritzia jasotzeko eta konfiantza eskatu diegu. 

Zuek proposatutako ekimena izan da legealdiko plana da, baina erakundeko egunerokoak horretarako tartea eman du?

Kudeaketa bi mailatan egin behar da: epe motzean eta epe luzean. Egunoroko arazoak eta agertzen direnak konpondu behar dira eta hori modu koherentean landu. Irizpide argiak egon behar dira horretarako, zentzu batean zein bestean baliatzeko. Ez zaio erreparatu behar herritarraren kolore politikoari, prozedura logikoa egon behar da gaiak lantzeko eta beti modu berean jarraitu. Kontrol hori izateko bidean txertatu beharra dago egin nahi duzuna. Esaterako, lehen aurrekontu hauetarako badaude zenbait esku-hartze, zeinak gure legealdi planean zeuden. 

Hala ere, aintzat hartu beharra dago aurreikusi ez genituen errealitateak topatu ditugula. Adibidez, araztegiarena. Horrek aldaketak ekarriko ditu horniketan eta saneamenduan. Hori oso konplexua da, kontuan hartuta Orozkok duen zabalera eta hodi kilometro kopurua. 

Hala ere, hori ere nola kudeatu nahi dugun txertatu dugu gure legealdi planean. Izan ere, goizago edo beranduago araztegia funtzionamenduan egongo da.

Zeintzuk izan dira zuen lehenengo erabakiak?

Ni bereziki harro sentitzen naiz hauteskundeetan konpromisoa hartu nuelako Madres Mercedariaseko langileak laguntzeko. Ni 2012an lan gatazka batean egon nintzen Guardianekin eta badakit zer pairatzen den. Gatazkan zuzenean ardurarik ez genuenez, nire hautua izan zen ahalik eta gehien laguntzea eta Amaia Antxustegi Gizarte Ekintzako Diputatuarekin bildu nintzen, fundazioarekin, langile batzordearekin, monjinekin, fundazioaren abokatuarekin... Jende ororekin elkartu gara akordioa egon dadin.

Niri gehien arduratzen ninduenak lanpostuen jarraikortasuna bermatzea zen. Gure alea jarri dugu, alde guztiak harremanetan jarrita. Adibidez, zenbait arazo egon dira Madres Mercedarias eta Foru Aldundiaren artean eraikinari dagokionez, eta informazioa eskatu bezain pronto, eskuratu eta bidali genuen. Bi egunetan bilatu eta eman genien.  Argi dago akordioa ez zegoela gure esku, baina bai hori erraztea, eta horretara bideratu ditugu gure indarrak eta pozik gaude.

“Bereziki harro sentitzen naiz Madres Mercedariaseko langileak lagundu ditudalako”

Tokiko Gobernu Batzordean oposizioa sartu duzue.

Jakina. Lehenik eta behin hori egin dugu gauza bera eskatu geniolako aurreko legealdian ADIEri, eta eskatutakoa guk bete behar dugu. Ez daukagu zer ezkutatu eta, ondorioz, oposizioak parte hartu behar du, jakiteko zer gertatzen den eta zein arazo dauden. Gehiengoa dugu eta puntu askotan ez gara ados egongo, baina behintzat, inork ez dezan esan ez dugula kontsultarik egin. Batzordea bikain dabil eta EH Bilduko jendearekin harremana ona da, politikoki zein pertsonalki. Poz-pozik nago erabakiarekin eta uste dut, ez dagoenean ezer ezkutatzeko, batzordean azaldu daitezkeela planteamenduak.

2023an lehenengo aldiz izan duzue jaien ardura.

Gu heldu ginenean jaiak bazeuden ia osorik antolatuta. Otsailean hasten dira prestaketak. Horregatik apur bat urduri geunden, baina zorionez eskarmentu handiko teknikaria dugu, Zaloa Rotaetxe. Lan bikaina egin du Asier Azkoaga zinegotziarekin eta uste dut oso ondo atera direla jaiak. Ez da arazorik egon, gure beldur handiena eraso matxistaren bat gertatzea baitzen. Dena ondo kudeatu da, eta arazo bakarra izan zen azken egunean ekaitzak zeudela eta larrialdi planik ez dagoenez (hori zuzentzen saiatuko gara) erabakia hartu behar izan zela. Tximistak egoteko arriskua zegoen, berbenako teknikariek ere uste zuten arriskutsua zela kontzertua egitea eta 112 zerbitzuak jakinarazi zigun ekaitzak gauerdira arte iraungo zuela. 

Ondorioz, erabaki genuen bertan behera uztea, are gehiago ordu eta erdi berandu hasiko zela ikusita. Ez genuen inolako arriskurik nahi. Samueli ere esan genion eta berbena bertan behera uztea erabaki genuen. Horrek, dena den, eraman gaitu larrialdi plana prestatzera, nahiz eta tamainagatik Orozko behartua ez dagoen. 

Auzo batzarren eredua aldatu da apur bat.

Printzipioz ez dugu aldaketarik egingo. Lehen bilera izan zen ur saneamenduaren eta horniketaren gaia azaltzeko, baina, bestela, aurreko eredua jarraituko dugu.   Uraren kudeaketak legealdia baldintzatuko du. Ez gaude inolako partzuergoan, hodi kilometro ugari daude eta defizita sortzen du. Europar araudiak behartuko du kostu guztiak herritarren gain uzten eta, hori dela eta, azaldu behar genuen. Ez da Udalaren ekimena. Orain arte defizita bere gain hartu du tokiko erakundeak, baina etorkizunean ez da horrela izango. 2030 Agendan jasota dago eta bete behar dugu. Azpimarratu genuen batzarrek balio behar dutela arazo orokorrei aurre egiteko: azpiegiturak eta abar. Ez dira tokia norbanakoen arazoak jorratzeko. Horretarako udaletxeko ateak irekita daude egun guztietan.

Azkenik, zein da Udalaren  jarrera proiektu eolikoei dagokienez?

Gu aurka egongo gara. Ez dugu egingo herriak nahi ez duena, jakinda hori Europak baldintzatzen duela. Edonola ere, defendatuko gara, herriak ez baititu nahi proiektu horiek. Energia berriztagarrien alde gaude, baina arazo konplexua da. Egindako lehen gauzen artean, alegia, Aialurrekin prestatutako alegazioak egon ziren, Energia Berriztagarrien Sektore Planaren kontra.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide