Urteko lehen udalbatzak talka politikoa ekarri du Orozkora. Izan ere, EH Bilduk prentsa oharra zabaldu du salatzeko Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak mozioa aurkeztu zuela gutxieneko 1.080 euroko pentsioa aldarrikatzeko eta EAJk horren kontra egin zuela.
Koalizioak honakoa azaldu du: "Mozioan, udalbatzak Eusko Jaurlaritzari eta Legebiltzarrari gutxieneko pentsioa 1.080 eurora arte, 4 ordainsaritan, 2023ko urtarrilera arteko atzeraeraginezko ondorioekin osatu dezaten eskatzeko proposamena aurkeztu dute pentsionistek".
EAJren erantzuna
Jeltzaleek, aldiz, argudiatu dute eurek ere testua prestatu zutela, zeinean Espainiako Gobernuari eskatzen dioten pentsioak duintzea eta indartzea eta Gizarte Segurantzako eskumenak Eusko Jaurlaritzaren gain uztea: "Estatuko Gobernuari eskatzea gutxieneko pentsioa duintzeko esfortzua egin dezala sistema elikatzeko diru sarrerak handitzera bideratutako neurriak hartuz, sistemaren beraren gastuetan eraginez eta Lanbide arteko Gutxieneko Soldata erreferentziatzat hartuz".
Berez, EH Bilduk oharrean azaldu du zergatik egin zuen Udal Gobernu Taldearen proposamenaren aurka: "EAJk 1.080 euroko gutxieneko pentsioak bermatzearekin inolako zerikusirik ez duen kontramozio bat aurkeztu du eta hori izan da onartua izan den bakarra. EH Bilduk kontrako botoa eman dio EAJren mozioari, pentsionistek egiten ari dituzten aldarrikapenei ez diolako inolako erreferentziarik egiten".