Aiaraldeko Mendiak Bizirik plataformak bere ahaleginak biderkatu ditu Jesuri-Larragorriko zentral eolikoaren aurka. Atzo bertan erakusketa inauguratu zuten Orozko Museoan jakinarazteko zer nolako kalteak sortuko dituen proiektu horrek eskualdean.
Izan ere, Green Capital Development enpresaren helburua 200 metroko altuerako 5 aerosorgailu instalatzea da, Laudioko Goikolandetako gailurretik Orozkoko Jesuri-Castilloraino. Urtarrilaren 30ean amaituko da helegiteak aurkezteko epea.
Erakusketak urtarrilaren 31n itxiko ditu ateak, baina jarduera gehiago izan du plataformak azken asteotan.
Euskal Herria Bizirik
Aiaraldeko plataformak honako eragileekin sortu du Euskal Herria Bizirik koordinakunde berria, "landa-ingurunea suntsitzen dituzten makroproiektu andanaren inposaketari aurre egiteko":
- Makatzak Arratia
- Interkonexio elektrikorik ez
- Enkarterrin Makroeolikorik Ez
- Oletan ere ez!
- Sañu Bizirik!
- Andatza Ezkeltzu Bizirik
- Mendietan Eolikorik EZ-Barakaldo
- Araba Bizirik
- Larramendiko arnasa
- Arabako mendiak aske
- Karakate bizirik
- Haizeak Bizirik (Bortziri- Malerreka)
- Errezil Bizirik!
Eragile berri horrek aipatu duenez, "ustezko trantsizio ekologikoan elite korporatibo batek kontzentratu eta kontrolatzen ditu biziari eusteko beharrezkoak diren baliabideak (ura, baso-baliabideak, haizearen indarra, eguzkia, laborantza-lurrak, haziak...) eta, ondorioz, merkantzia bihurtzen ditu baliabide horiek, biztanle gehienentzat haien eskuragarritasuna baldintzatuz, eta, okerragoa dena, biziraupen-baliabideak zentzuz eskuratzeko denok dugun eskubide naturala pribilegio bihurtuz".
Bide horretatik, honakoa adierazi du Euskal Herria Bizirikek: "'Trantsizio berdea' deitzen diote, baina berdea, beren espekulazio-jokoekin poltsikoratu nahi duten diruaren kolorea baino ez da. Horregatik, fartsa hau salatzen dugu, haien asmo bakarra erregai fosilen agortze nabarmenaren aurrean eliteen negozio-eredua salbatzea eta berrantolatzea baino ez delako. Hain zuzen ere, eredu desarrollistaren makineria elikatzen segitzeko ezinbestekoak dituzten merkatu-esparru berriak eta sakrifizio-lurralde berriak bilatuz".
Egungo egoerari dagokionez, euren iritzia honakoa da: "Energia Berriztagarrien Lurralde Plan Sektorialaren fartsa salatzen dugu, lurraldea arpilatzeko asmoz enpresek aldez aurretik seinalatu dituzten eremuak legez ezarri nahi dituelako. Hori dena gutxi balitz, konpainia horiei dirulaguntzak ematen zaizkie Europako 'Next Generation' funtsen bidez, hurrengo belaunaldiei hipotekatzen dien zor onartezina sortuz. Ezin ahaztukoa dugu, halaber, plan horien garapenak sakrifizio-lurralde berriak harrapatzea dakarrela berekin, makroberriztagarrien ereduak ezinbestean behar dituen material kopuru izugarriez jabetzeko atzerabueltarik gabeko kalteak eraginda".
Horregatik, hain zuzen, konpromisoa hartu dute lurraldearen defentsan aritzeko.