Bizkaiko hainbat bertsolarik hartu zuten Orozko herrigunea larunbatean

Erredakzioa 2024ko ots. 6a, 15:20

Bertsolarien topaketa egin zuten larunbatean Orozkon. Arrigorriaga, Enkarterri eta Ezkerraldeko Bertso Eskolek eta eskualdeko lagunek parte hartu zuten.

Arrigorriagako Bertso Eskolak bultzatuta, topaketa egin zuten larunbatean Orozkon. Enkarterriko eta Ezkerraldeko bertsolarien parte hartzea ez ezik, tokikoentzako tartea ere egon zen eta Serapio Lopez eta Juanjo Respaldiza batu ziren. "Eurekin egotea plazerra izan zen", adierazi dute antolatzaileek.

Xede nagusia izan zen bertso plaza formalagoak gogoko ez dituzten lagunei aukera ematea testuinguru lasaiagoan aritzeko. "Bertsolariak ginen gehienok eta giro goxoa sortu genuen, ikusle batzuk ere animatu ziren kantatzen", azaldu du Aitor Urrutia antolatzaileak. Arrigorriagako Bertso Eskolako kideak oroitu duenez, "pandemia eta itxialdia baino lehen", euren ideia zen Bertsotruk egitasmoa sustatzea, "baina ez zen posible izan. Helburua zen bertsolarien eta eskualdeen arteko ezagutza erraztea, baita kantatzeko beste moduak ezagutzea ere. Dena den, euskaldunak gara eta euskara kalera ateratzea beharra da guretzat".

Egitarauari dagokionez, 12:30ean plazan saio bat egin zuten eta jarraian beste bat tabernen artean. Juanjo Respaldiza izan zen protagonista lehenengoan eta Serapio Lopez bigarrenean.

Ondoren Supelaur elkarteko egoitzan bazkaldu zuten eta kantatzen. 17:00etan Bertso Eskolako eredua baliatu eta publikoari ere eman zioten aukera parte hartzeko. Amaitzeko tabernetara jo zuten.

Behin pandemiaren unerik kritikoenak igarota, lehen topaketa egin zuten eta bigarrena Aiaraldean izan da. Hurrengoa, ziurrenik, Ezkerraldean antolatuko dute.

Argazkiak: Arrigorriagako Bertso Eskola

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide