Kultur sorkuntza Aiaraldean

“Nire koadroekin Orozkon leku pribilegiatuak ditugula islatu nahi izan dut”

Aitor Aspuru Saez 2024ko ots. 17a, 15:42

Aitor Intxaurraga bere estudioan. / Aiaraldea.eus

AITOR INTXAURRAGA (Orozko, 1961) margolariak iaz erakusketa prestatu zuen herriko museoan eta arrakastatsua izan zen. Bere lanari eta ibilbideari buruz mintzatu da.

Lau urtaroak islatu zenituen abenduan ikusgai izan zenuen erakusketan Orozkon, zein izan zen filosofia?

Proiektuaren muina izan da nik egindako Gaztainondoen Bidean ikusitako koloreak islatzea. Han daude laurehun urteko gaztainondoak eta eskulturak dirudite. Izugarriak dira, zur eta lur utzi ninduten eta handik aurrera hasi nintzen lanean. 

Lau urtaro izanda, nola margotu dituzu?

Batzuk tokian bertan egin nituen. Oro har, estudioan amaitzen ditut, baina bat ez nuen ezta ikutu, geratu zen moduan utzi nuen. Dena den, prozesua luzeagoa da koadro handiekin, estudio lan exijentea behar dute.

Koadro handiekin zein da prozesua?

Lehenik eta behin, tokian bertan ohar batzuk hartzen ditut, ihes puntuak lantzeko, adibidez. Paisaiaren irudi bat egiten dut buruan eta gero elementu batzuk kendu, beste batzuk kokatu, jarri… 

Guztira 24 koadro sortu nituen eta Orozko Museoan erakutsi nituen. Bi gai nagusi daude, eta biak Ibarratik gora kokatzen dira: Gaztainondoen Bidea eta Gorbeiako Bidea. 

Ibilbideak eta paisaiak gogoko nituen, buruan nituen eta ikusarazi nahi nuen nola aldatzen diren udatik negura, udazkenean… Leku hau pribilejiatua da eta hori balioan jarri nahi nuen. Pribilejituak gara.

Erakusketak harrera oso ona izan du.

Bai, pozik nago. Jendea joan zen eta onarpen handia izan zuen. Astebetez luzatu nuen eta koadro gehienak saldu egin ditut.

Oro har, jendearen iritzia zein izan da?

Hasteko, aintzat hartu beharra dago lehen ez nuela horrela margotzen. Margotzea prozesua da. Orain horrela margotzen dut eta hurrengo urtean ez dakit nola egingo dudan. Jendeak esaten zidan lehen ez nituela horrelako koadroak egiten.

Prozesua, berez, zuk zure buruarekin eta inguratzen zaituenarekin duzun harremanaren araberakoa da. Nola zaren une horretan…

Jendeak esaten zizunean lehen ez zenuela horrela margotzen, bazen lehen baserriak margotzen zenituelako?

Bai, asko Orozkon, baina Frantzian ere ibili naiz. Galeria askotan egin ditut erakusketak eta kasu horietan askotan kuadroak Frantziakoak ziren; Mont de Saint Michel, La Rochelle…
Dena den, orain Orozkon eta hemengo proiektuetan nago zentratuta. Jendeak ikusi zuen lana zegoela atzean eta aitortu du. 

Proiektu berriak dituzu buruan?

Bai, baina proiektuak landu behar dira eta ez dut konpromisorik hartu nahi proiektuaren %80 egin arte. Orain arte uztartu ditut lantegiko beharra eta margotzea, baina aurretik erretiroa hartu dut eta orain zentratuta nago honetan. Ilusionatuta nago.

Noiz hasi zinen margotzen?

Juan Bayon Salado Bay Sala gure bizilaguna zelarik hasi nintzen. Bera Parisetik etorri zen eta Estatu espainiarreko margolaririk onenak bisitatzen zuten; Martinez Diazek, Garraldak…

Nik ikusten nituen eta gogoko nuen. Berak ematen zizkidan margoak eta horrela hasi nintzen. Gero estudioan lan egiten ikasi nuen. Musikan solfeoa dena, margotzean estudioa da. Ikasi nuen Erreprodukzio Museoan, Manuel Balsarekin eta gero bakoitzak bere bidea landu behar du. Horretan nabil.

Laudion egin ditut erakusketa pilo, 18 urterekin hasi nintzen. Gero Bay Salaren galerietan, txikian, eta beranduago handiagoan, saltzen nuen eta. Bilbon egin ditut erakusketa ugari, eta Madrilen beste bi, baina denbora behar da horretarako eta ni lanean nengoen fabrikan. Hara jo behar duzu koadroekin, inaugurazioan egon… Lan handia da. Madrilgoari uko egin nion.

Nolakoa izan zen Bay Sala ezagutzea eta bohemia mundu horrekin harremana izatea?

Zaila zen. Aintzat hartu baserrietan ez zegoela artea ikasteko kultura. Nekez lortu nuen hori onartzea, baina ondo. Gero pozik ibili naiz.

Beti mugitu zara zure kabuz?

Lagunak egin ditut galerietan eta partekatzea ondo dago. Beti ikasten duzu eta besteek ideia onak dituzte. Margolari onetatik beti ikasten da. 

Horri nik deitzen diot “pintzelik gabeko pintura”. Izan ere, maiz margotu gabe margotzen ari naiz nire buruan. Bay Salak berak esaten zidan, jendearekin zegoela hitz egiten, baina zuhaitz bati erreparatu eta bururatzen zitzaion egiten ari zen koadro batean zuhaitz hori sartu behar zuela. 

Hori sano inportantea da. Lagunekin hitz egiten asko egiten da. Adibidez, Bay Salak erakusketa egiten zuen hemen eta Manuel De Gracia etortzen zen Madriletik. Euren artean zuzentzen zituzten lanak. Besteek ikusten dute zuk ez duzuna ikusten zure koadroetan. Garaiko margolari espainiar onenak elkartzen ziren hemen.

Orain Bay Salak zer esango luke zure lanari buruz, aukera izango balu horretarako?

Berak eman zidan pintzelak gordetzeko erabiltzen zuen potea. Hemen daukat sinatuta, baita bere pintzelak ere. 

Niri eman zidan babes izugarria. Etortzen zen etxera eta aitari esaten zion gaitasunak ikusten zizkidala. Bidea erraztu zidan. Museoan ikasteko berak proposatu zidan.

Nolakoa da lantegiko lana eta margoak uztartzea?

Bide zaila izan da, baina nik hautatu dut. Margolari gehienek gose handia igaro dute. Picassok berak Parisen. Ez zen joan eta izarra bilakatu, baina arte-merkatari batek lagundu zuen eta oso margolari ona izan zen. 

Margolari onenak hemen eskaleak izango lirateke. Van Goghek koadro bakarra saldu zuen, bere lehengusu bati. Orain berpiztuko balu esango luke, “guztiok aprobetxatu zarete, ni ezik”.
Horrelakoa da artearen mundua.

Zein neurrian da zure ingurua, baserria, Orozko... zure inspirazioa?

Laudio ere izan da. Baserri ugari margotu ditut. Nire hurrengo proiektua Orozkon izatea gura nuke.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide