Orozkoko pilotalekuak Binakako Serie B txapelketako ligaxkako finalerdiak hartuko ditu martxoaren 1ean, 22:15ean. Hamalau jardunaldi eta play offa jokatu behar izan dituzte pilotariek sailkapena lortzeko eta hori erdietsi dutenen artean dago Arkaitz Eskuza laudioarra.
Eskuzak Egiguren V. kidearekin osatuko du bikotea, Agirre eta Iztueraren kontra. Horretarako bederatzi partida irabazi ditu eta hiru galdu. Garaipena lortu izan ez zuen bi norgehiakotan, hain zuzen, Iker Larrazabal aiararra izan zuen aurkari.
Larrazabalek, berez, asteburu honetan jokatuko du play offa Eskirozekin batera, Exposito eta Gaskueren aurka, Larraintzarren. Irabaziz gero, Orozkon ere egongo da. Olabezarreko gazteak garaipena eskuratu du zortzi partidatan eta hiru galdu ditu. Birritan ordezkatu behar izan dute.
Sarrerak Baikoko webgunean lor daitezke 15 euroren truke. Orozkoko udaletxean, aldiz, 10 eurotan egongo dira salgai.
Sarrerak lortzeko beste aukera bat izango da Aiaraldea Komunikabideak Orozkoko Udalari esker abiatutako zozketan izena ematea, hemen. Otsailaren 29an jakinaraziko du nork eskuratu duen sarrera bikoitza.