Emaitza onak bata bestearen atzetik kateatzen dabil Ander Ganzabal txirrindulari orozkoarra. Iragan martxoaren 9 eta 10ean podiumera igotzea lortu zuen Markinan eta Asteasun lehiatutako lasterketetan, bigarren eta hirugarren postuetan, hurrenez hurren.
Euskaldun Txapelketako sailkapen orokorreko lasterketa izan zen Markinakoa. Asteasuko Aiztondo Memoriala, aldiz, Espainiako Kopako proba puntuagarria zen. Ander Ganzabalen taldeak, Laboral Kutxa Team-ek, orozkoarrak erakutsitako "maila altua" goraipatu zuen Asteasuko lasterketa bukatzerakoan.
Erritmoari eutsi, eta martxoaren 16an Berriatuan eginiko XLIII San Gregorio sarian ere podiuma zapaldu zuen Ganzabalek, hirugarren postuan. Azkenik, bi asteburuetan egindako lanaren ostean, igandean —martxoak 17— erdietsi zuen garaipena orozkoar gazteak, Lizarrako Memorial Zunzarren lasterketan.
Duela bi urte egin zuen jauzi Ganzabalek txirrindularitza profesionalera, eta ibilbide oparoa erdiesten ari da. Gaur gaurkoz Euskalduna Txirrindularitza Txapelketako sailkapen orokorreko bigarren postuan dago, lehenengo postuan dagoen Iñaki Trujillanorekin berdinduta. Aurretik triatloian aritu da orozkoarra, eta lorpen ugari eskuratu zituen diziplina horretan ere.