Hamaika erakusketa inauguratu zuten Orozko Museoan larunbat goizean. Aste honetan egongo da ikusgai eta lurraren defentsa da jorratzen duen gaia. Izan ere, azken urteetan agertu diren energia makroproiektuen kontrako aldarrikapenak dira nagusi erakusketan.
Irantzu Piquero eta Jose Delicado sustatzaileek aurkeztu zuten egitasmoa eta, proiektu eoliko eta fotovoltaikoen kontrako argudioak eskaini ez ezik, euren egoera ere plazaratu zuten. Izan ere, duela hiru urte Nafarroako iparraldera joan ziren bizitzera borda batera eta euren etxetik 600 metrora eraiki nahi diete 200 metroko aerosorgailua.
Elisabet Perezek ere parte hartu zuen hitzaldian, bera baita erakusketan parte hartu duen Aiaraldeko sortzaileetako bat. Raisa Alava eta Aitor Intxaurraga dira beste biak, eta hirurak egon ziren inaugurazioan. Horrez gain, Aiaraldeko Mendiak Bizirik! plataformako kideak eta herritarrak ere bertaratu ziren ekitaldira.
Plataformaren asmoa da eskualdeko beste herri batzuetara ere eramatea Hamaika, artea aldarrikapenerako iturri egokia dela iritzita. Dena den, oraindik ez dute zehaztu noiz eta non egongo den ikusgai. Berez, erakusketa ekimen ibiltaria da eta Euskal Herriko zenbait udalerritan egon da jadanik.
Argazkiak: Aiaraldeko Mendiak Bizirik!