Beste urte batez, Orozko Rock jaialdiak musika eta jendez bete ditu herriko kaleak. Ostiral gauean hasi zuten rock maratoia, The Half Nelsons, Both, Feline, Lur, Etxekalte eta Micky & The Buzzen emanaldiekin.
Atzo, aldiz, goizetik egon zen giroa herrian. Jende ugari bertaratu zen eguerdian museoan eginiko mahaingurura. Musika industriaren egoerari buruz hausnarketak partekatu zituzten bertan hainbat musikarik, Iñigo Basaguren-Duarte kazetariaren gidaritzapean: Marta Fontana "Martillo" (The Capaces, Shake), Alberto Egiluz (Vulk, Sal de Coche), Galder Izagirre Sanz (Berri Txarrak, Bazka, Kuraia, Dut) eta Kattalin Barcena (J Martina).
Hitzaldiaren amaierarako eguzkia atera zen herrian, eta jende ugari animatu zen Boogie Riders taldearen kontzertuaz gozatzera Zubiaur plazan, garrafa dastatzearekin batera. Arratsaldean Letagin taldeak jo zuen toki berean, eta Orozko Rock gunera mugitu zen gero giroa. Zinkha talde aiaraldearra arduratu zen gaueko txanpari hasiera emateaz, eta bere ostean igo ziren oholtzara The Capaces, Sex Museum, TOC, Ezezez eta DJ Nash, aurtengo edizioa erritmo bizi eta indartsuekin borobilduz.
Argazkiak: Naia Vallejo Torres, Maddi Isasi Azkarraga eta Gartzen Garaio Atxurra