Laura Laumen eta Jalgi pottoka Freiburgetik abiatu ziren martxoaren 15ean, Orozkora heltzeko asmoz. Gazte alemaniarra eta bere pottoka Gorbeia dute helmuga eta bi hilabete baino gehiago egin dituzte bidean jadanik. Laumenen asmoa da Jalgi haurdun itzultzea Alemaniara, eta horretarako hazitarako zaldia topatu du Gorbeian, Ignazio Olabarria orozkoarrarena, hain zuzen.
Bide luze horretan, Lauraren gurasoek, lagunek eta bikoteak lagundu dituzte, baina bidaia bera abentura izaten ari da. Horren ondorioz, Laurak ezin du Jalgiren gainean joan. "Pisua galdu du eta askoz gihartsuagoa bilakatu da, orain ezin diot aulkia jarri", adierazi dio alemaniarrak Aiaraldea Komunikabideari. Hortaz, biak doaz oinez.
Egunero 25 kilometroko ibilbidea egiten dute, bataz beste, eta hipiketan edo behiak, astoak edota bazka dauden tokitan lo egiten du Jalgik. Izan ere, pottokak animali sozialak dira. Berarentzako lekurik ez badago, Laurak campinga bilatzen du.
Jalgi, Arabatik Alemaniara joan zen pottoka
Laura Laumen eta Jalgi aspaldi ezagutu ziren. "Batxilergoa amaitu eta gero, Arabako hipika batean lan egitera joan nintzen. Han bi pottoka zeuden eta bat Jalgi zen. Berehala konturatu nintzen zaldi mota horiek ez direla kirol zaldiak bezalakoak. Pista baino, mendia du gogoko Jalgik eta nahi zutenerako ez zuenez balio, oparitu zidaten. Duela bost urte Alemaniara ekarri nuen", azaldu du Laumenek.
Periploaren helburuetako bat, ugalketa ez ezik, bada erakustea ere pottokek bidaia luze hori egin dezaketela inolako arazorik gabe. Horregatik, beste hainbat arrazoien artean, nahi du Laumenek Jalgiren zaldikume bat.
Pottoka, Euskal Herriko ponia
Ignazio Olabarriak zaldi taldea dauka Gorbeian eta, bere ustez, Laumen eta Jalgiren abentura aukera ona da pottokak aldarrikatzeko. "Desagertzeko arriskuan egon den arraza da. Autoen eta mekanizazioaren agerpenarekin, gero eta gutxiago baliatzen dira baserrietan eta ibilaldi honek erakusten du zergatik ziren horren estimatuak".
EPOFE elkarteak azaltzen duen moduan, pottokak duela 40.000 urte daude Euskal Herrian eta Santimamiñeko zein Ekaingo leizeetan dauden margoetan ikus daitezke euren aztarnak.
Neurri ertain eta proportzionatuak dituenez, gorputz gihartsu eta sendoa eta izaera lehiala, hainbat eginkizunetan erabili ditu gizakiak; zama lanetarako, ehizarako, bidaiatzeko, mehategietan...
Desagertzeko zorian egon ostean, elkarteak 700 zenbatu ditu egun eta txalotu du abeltzainek egindako lana arraza ez galtzeko.
"Pottokak baditu beste arraza batzuek ez dituzten berezko ezaugarriak: hemengo inguruneari egokitze perfektua, amatasuna, rustizitatea, karakterra, aldi berean goxotasuna, ikasteko erraztasuna, hezitzeko egokia, fertilitatea, ezaugarri morfologiko bereziak, polittasuna, mantenu erreza eta merkea eta abar", goratu du EPOFEk.