Euskararen normalizazioa bultzatzeko 14 konpromiso sinatu ditu Orozkoko alkateak

Txabi Alvarado Bañares 2024ko mai. 21a, 08:44

Orozkoko Udal Gobernuko kideak, Udalbatzaren osaketaren egunean.

Udal Gobernuak bat egin du Aiaraldeko Euskalgintza Kontseiluak abian jarritako Bai We Can kanpainarekin. Euskara protokoloa sortzea onartu dute, besteak beste. 

Urrats bat aurrera eman du Orozkoko Udal Gobernuak euskararen normalizazioan, esparru horri lotutako 14 konpromiso zehatz sinatu baititu Aitor Iza alkateak. "Pausu honek, udal hizkuntza politikaz jarduteko, hartutako konpromisoen jarraipena egiteko eta udal mailan hizkuntza eskubideak babestuko dituen protokolo bat sortzeko mahai bat eratzea ekarriko du", nabarmendu du Aiaraldeko Euskalgintza Kontseiluak.

Eragile horrek konpromiso sorta aurkeztu zien 2023ko Udal Hauteskundeetara aurkeztu ziren hautagaiei, Bai We Can kanpainaren barruan:

Konpromiso horiek dira orain Orozkoko udal gobernuko ordezkariek sinatu dituztenak. Adostasun zabala izan du erabakiak, EH Bilduk iazko hauteskunde kanpainan bertan sinatu baitzuen Kontseiluaren proposamena. Gauzak hala, Orozkoko Udalbatza osoak egin du bat ekimenarekin.  

Hemen ikusi daiteke Izak sinatutako dokumentua, konpromiso zehatzak barnebiltzen dituela. 

Euskara protokoloa helburu

Konpromisoak hartuta, horiek egikaritzeari ekingo diote legealdi honetan. Protokoloa sortzeko, mahai beraren bueltan eseriko dira Udaleko bi alderdietako ordezkariak, euskara zinegotzia, euskara teknikaria eta Aiaraldeko Euskalgintzaren Kontseiluko kideak. Horrez gain, Manex Mantxolak ere parte hartuko du prozesuan, Euskal Herriko Euskalgintzaren Kontseiluko koordinatzaileak. 

Aiaraldeko Euskalgintza Kontseiluak oso positiboki baloratu du Orozkoko Udal Gobernuak emandako urratsa, eta nabarmendu du azken honekin bost direla ekimenarekin bat egin duten Aiaraldeko Udalak. Horrez gain, Kontseiluak eskua luzatu die baita oraindik ekimenera batu ez diren alderdiei, "konpromisoak hartu eta ekimenean parte hartu dezaten". 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide