“Auzolanean antolatutakoak izateak egiten ditu berezi Zaloako jaiak”

Txabi Alvarado Bañares 2024ko eka. 28a, 17:45

Gaur arratsaldean hasiko dira Zaloako jaiak. / Zaloako Jai Batzordea

Gaurtik igandera luzatuko dira Orozkoko auzo horretako jaiak. Musikak pisu nabarmena izango du egitarauan, baina “gustu guztietarako” egitaraua prestatu dute antolatzaileek.

Hastear daude Zaloako jaiak. Arratsaldeko zazpietan abiatuko dituzte Orozkoko auzo horretako festak, eta igandera arte luzatuko dira. Orokorrean, ohiko eskema mantendu dute Jai Batzordeko kideek, “funtzionatzen duenarekin aurrera” eginez. 

Aurreko urteetan bezala, musika izango da jaien osagai nagusienetako bat. Jaien antolatzaileek Fetitxeren biharko emanaldia nabarmendu dute, Arrigorriagako talde hori oholtzetara itzuli berri delako lau urteko etenaldiaren ostean. Ez Dok Bapek eta Beranduegi erromeriak ere joko dute bihar, eta karaokearekin luzatuko dute gaua gero.

Gaur, aldiz, Mikosis eta Garaje Drama arduratuko dira jaiak girotzeaz. Antolatzaileek nabarmendu dute hainbat irizpide jarraitzen dituztela emanaldiak lotzerako orduan: “Ahal dela inguruko taldeak ekartzen saiatzen gara, talde euskaldunak batez ere, eta oholtzan emakumeen presentzia bermatzea ere izatea da gure helburua”.

Jai Batzordeko kideek aitortu dute ez dituztela jaiak musikarik gabe ulertzen, baina nabarmendu dute “beste hainbat ekintza” ere sustatzen dituztela, “edozein herritarrentzat gustukoak izan daitezkeenak”.

Gauzak hala, haurrentzako puzgarri eta jolasak, paella txapelketa edota bertsolariak ere egongo dira asteburuan zehar. “Urterik urtera hobekuntzak egiten saiatzen gara, hurbilduko diren herritarrak ahalik eta gustoren egon daitezen, haien ongizatea baita gure gozamen eta gogobetetasun handiena”, azaldu dute. 

Auzolanean antolatutako jaiak

Egungo Jai Batzordeko kideek 7 urte daramatzate ospakizunaren antolakuntzan murgilduta, baina ez dira nekatu. Kontrara, “noiz baino indartsuago” daudela ziurtatu dute.

Azaldu dutenez, “urte hasieran” ematen dituzte jaiak antolatzeko lehen urratsak, musika taldeak bilatuz eta diru laguntza eskatuz. “Apurka apurka Jai Batzordea osatzen dugun auzoko kideak elkartzen hasten gara, ideia berriak partekatuz, zer mantendu edo zer hobetu baloratzeko eta abar”, erantsi dute, eta azpimarratu dute “auzoko gazteenetatik nagusienetara” biltzen direla taldean, eta horrek bermatzen duela “ikuspuntu eta gustu ezberdinak” partekatzea. “Auzolanean antolatzen diren jaiak izateak egiten ditu berezi Zaloakoak. Lan handia egiten dugu baina elkarlanean oso emaitza polita lortzen dugu azkenean”. 

 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide