Kale antzerkia izango da Orozkon protagonista hurrengo bi larunbatetan. Izan ere, Ipurbeltz eta ¡Dale Ramón! piezak antzeztuko dituzte hilaren 5ean eta 12an, hurrenez hurren. 21:00etan izango dira bi ikuskizunak, Zubiaur plazan.
Ipurbeltz ikuskizuna
Ameztu Antzerki konpainiaren eskutik helduko da Ipurbeltz Orozkoko herriko plazara. Zuhaitz eta Arbi dira istorio horretako protagonistak. Lehenarentzat, bizitza more kolorekoa da, eta bigarrenarentzat, aldiz, berdea. Bakoitzak era batean ikusten ditu gauzak, eta ez dute haien artean elkar ulertzen. Hala ere, hasieran horrek oztopo bat dirudien arren, ikuskizunak aurrera egin ahala uste hori aldatzen joango da.
Adin guztietara zuzendutako ikuskizuna idatzi du Unai Saenzek, euskaraz. Saenz bera arduratuko da umorea, zirkua eta txotxongiloak eramateaz Orozkoko plazara, David Gutierrezekin batera.
¡Dale Ramón!
Trapu Zaharra taldeak, bestalde, ¡Dale Ramón! pieza aurkeztuko du. Kasu honetan, gaztelaniaz da ikuskizuna eta Ramón Uriarteren bizipenak kontatzen ditu. Izan ere, Bunkerizados Ortiz enpresak “Arrastra y gana” lehiaketa antolatuko du, hainbat herrietan zehar, “Beldurrak babesten gaitu” (“El miedo nos protege”) lelopean. Lehiaketaren helburua 5 izarreko bunker bat irabaztea da, eta Ramonek bere indar guztiak jarriko ditu ahalegin horretan. Dena den, hainbat ezusteko hartuko ditu bidean.
Oscar Terolek eta Santi Ugaldek idatzitako gidoia du antzezlanak, eta Ugalde bera da protagonista, Sergio Arrospide aktorearekin batera.