Lur eremu idorra. Klase ertainik dago musika industrian? Underground eta mainstreamaren mugen inguruko eztabaida antolatu zuen Orozkorock elkarteak aurtengo Orozkorock jaialdiaren baitan. Marta Fontana Martillo, Alberto Egiluz, Galder Izagirre eta Kattalin Barcena aritu ziren solasean, Iñigo Basaguren Duarteren esanetara. Undergrounden adierazpiderik edo espaziorik esanguratsuenak gaztetxeak edota musika aretoak izan dira nola Aiaraldean hala Euskal Herrian. Nola aldatu da musikaren eszena, ordea? Bizi al liteke undergroundetik, mainstream jaialdiak nagusitzen ari diren garaiotan? Zein baldintza eskaintzen dituzte batak ala besteak? Prekarietateak noraino ezaugarritzen du musika sorkuntza? Bidezidor horietan murgildu ziren solasaldian zehar tokiko zein puntako artistak.
"Musikariak ez du konposatu bakarrik egiten. Mainstreamak profesionalizazioa ekarri du, esklusiboki horretara dedikatu ahal izatea", aipatu zuen Marta Fontanak hasieran, undregroundetik ozta-ozta bizi daitekeelarekin batera. Izan ere, katebegi ugariko ekosistema da musikagintzarena: sortzaileak daude batetik, ekoiztetxeak bestetik, publikoa, soinu eta argi teknikariak, furgoneta gidariak... “Askotan gehiago kobratzen du furgonetakoak musikariak baino. Musikatik bizi den jendeak saio hirukoitzak egiten ditu bizi ahal izateko: talde bat baino gehiago dituzte, musika klaseak ematen dituzte autonomoak ordaindu ahal izateko”. Denbora eta dirua, biak behar dira musikara dedikatzeko, bere hitzetan.
“1980ko hamarkadan guretzat underground zena jarrera kontziente, kultural eta sozialarekin lotua zegoen”
Alberto Egiluzek, bere aldetik, bakoitzaren espektatiba eta hautuaren garrantzia azaleratu zuen: "Batez ere, etxeko gelan sortzen dira kantak, eta zure apustua da hori aurrera ateratzea. Jendeak doakoa izatea espero du. Belaunaldi gazteak ari zarete horri buelta ematen: musikariak profesional gisa ikusarazten”.
Zein errealitate nahastu edo gurutzatzen dira musika eszenaren baitan? Lan eta bizitza kontziliazioa, prekarietatea, lan eskubideen berme eza, ezegonkortasuna... Adibide batzuk baino ez dira. "Bi esfera horiek masa kulturarekin edota kapitalismoarekin lotuta daude. Underground hortik kanpo geratzen dena dela esango nuke, musika mota horrek ez die mainstream legeei erantzuten. Merkatu logikatik kanpo dauden espazioekin ere lotuko nuke: gaztetxeekin, borondate politiko edo sozialengatik antolatutako jaialdiekin... Zein musika eta politika garatzen dira horien artean? Zein aukera edo muga ditu horietako bakoitzak?", galdegin zuen Kattalin Barcenak.
Garaiak aldatu egiten dira, baita plazak ere. Galder Izagirre bateriajole eta musikariak oso argi aipatu zuen: "1980ko hamarkadan guretzat underground zena jarrera kontziente, kultural eta sozialarekin lotua zegoen. Do it yourself filosofia zen: guk maketatu, kasetetan kopiatu eta kartelen bidez tabernetan saltzen genituen; edota okupatutako espazioetan kontzertuak antolatu. Guzti hori mundu mailan saretu zen. Frantziatik Euskal Herrira zetozenak Bartzelona edo Madrilera bideratzen genituen guk...".
Kontzertuen zirkuituak ere eman du buelta. Jada, birak ez dira lehen bezala antolatzen, eta munduratzeko orduan Interneta bihurtu da palanka, plataforma digitalak medio (Spotify, YouTube...). Mainstreamaren sistemak baldintza ekonomikoetan, erritmoan eta sorkuntza prozesuan nola eragiten du? "Prozesu artistikoen beharrak ez dituzte lan erremuneratuen logikak betetzen. Askatasunez nahi baduzu lan artistiko bat egin, ez zara sekula mainstream espazioan sartuko. Enplegu gisa prozesu edo dinamika horretan sartzea erabakitzen baduzu, zure erritmoari uko egiten diozu. Urtebete ematen baduzu abesti berri gabe, jai duzu, edota asko jo behar duzu presente egoteko eta dirua irabazteko. Edota, zuk jo nahiko ez zenukeen tokietan aritu beharra.... Zure proiektu edo pentsamenduaren kontra egon daitezkeen gauzak ere onartu behar dituzu", aitortu zuen Kattalin Barcenak.
Jaialdietan kultura aldaketa
Horrez gain, garai batean jaialdi herrikoiak gailentzen ziren, eta orain festibalak. "Oso garai despolitizatuan bizi gara, alternatiboa dena mainstreamean dago egun. Zergatik jada ez da inor saltzen? Artistak goian egoteko edozer egin behar duela asumitzen da gaur egun".
BBK Live festibalaren antzera, makrojaialdien eredua ari da gailentzen azkenaldian. "Orain arte topaguneak edo elkartasun ekimenak izan dira jaialdi gehienak. Hori galtzen ari da. Undergrounda, beraz, geroz eta prekariagoa da, talde txikiek ez dute bozgorailurik", erantsi zuen Kattalin Barcenak, “beste garai batzuetan ez bezala, orain undergrounda bazterrekoa da, ez dagoelako hori sustengatzen duen mugimendu kultural, politiko edo sozialik". BBK Live ereduak lehen eztabaida pizten zuen, eta egun ez. Zentzu horretan, kritiko azaldu zen Jota Martinako kidea: "Niri esanguratsua zait, duela hamar urte BBK Liven jotzeagatik eztabaida sortzea, eta gaur egun ez. Orain ez dago gatazkarik horrekiko, artistek boikota egin beharko liekete multinazionalei edo halako jaialdiak antolatzen dituzten enpresei? Jendeari bost axola zaio".
“Oso garai despolitizatuan bizi gara, alternatiboa dena mainstreamean dago egun"
Marta Fontanak festibaletan sartzeko plataforma digitaletako entzunaldi edo jarraitzaile kopuruen muga ere jarri zuen mahaigainean, "horren arabera, errazagoa edo zailagoa zaizu sartzea". Dena den, ekoiztetxeak ere badira gakoak hor, Galder Izagirrerentzat: "Udalek urtero antolatzen dituzte herriko jaiak bizpahiru enpresen katalogoaren arabera. Ez bazaude, ez zaude udalentzat eskura. Eta Europan berdin".
Euskal Herriko mainstreama
Euskal Herrian ba al da mainstreamik? Baietz uste dute gehienek, Kattalin Barcenak kasu: "Kontsumitzeko mainstreama ere badago, bertako soziologia eta kultura kontuan hartuta". Ez da kasualitatea gazteen artean erregetoia edota Zetak zein ETS gisako taldeek arrakasta izatea: "Merkatu propioa dago, batez ere euskaraz, bere logika propioa duena eta geroz eta diru gehiago ematen duena. ETSk datorren urtean BEC hirutan beteko du, hori ez du inork orain arte egin".
Baina nork erabakitzen du zein musika entzun? "Lehen ez genion ematen horrenbeste informazio sistema kontrolatzen dutenei. 1990eko hamarkadan, onerako edo txarrerako, zure irrati programa edo aldizkaria bilatu behar zenuen", zehaztu zuen Galder Izagirrek.
Areto eta gaztetxeen jaitsiera
Horrez gain, Alberto Egiluzentzat gaztetxeen sarea erori da; Bilbon jada ez daude horrenbetse alternatiba, “horregatik jotzen du jendeak Internetera. Estatua orain oso poliziala da, denerako behar dira lizentziak... horren aurrean zer egin dezakegu? Hori da galdera, eta erantzunak zein aukerak taldeak beste dira". Musikariena ez ezik masarena dela ardura azpimarratu zuen Kattalin Barcenak: "Espazioen gutxitzea enpreseen zigilutzetik ere dator.Nik uste, musikariok txip hori aldatu beharko genukeela: proiektu bat laguntzeko jotzeagatik ezin dugu ezer galdu".
Nola berreskuratu galdutakoa? Ez da erronka makala. Galder Izagirrek espazio fisiko eta birtualak izan zituen hizpide: "Erosotzen eta etxekotzen ari gara, baina gehiegi. Podcast edo blogak zuk kontrolatzen ez dituzun guneetan egiten dituzu; baina ez dago kolektiboki eremu berriak bilatzeko joerarik. Espazioak berreskuratu behar dira, baina asmatu edo sortu ere bai". Aukera adina oztopo daude bide horretan, Marta Fonanarentzat: "Zirkuitua txikitu egin da nabarmen. Ez gaztetxeetan bakarrik, aretoak ere bukatzen ari dira Bartzelonan zein Euskal Herrrian, Bartzelonan dauden lau aretoetako alokairua oso garestia baita. Aurrekoan, aseguruan 100.000 euro eskatzen zizkiguten. Orain, legearen uztaitik pasa behar zara: autonomoen altak, aseguruak... Oso zail dago dena".
Egoeraren aurrean, zer orduan? Marta Fontanak, zentzu horretan, Orozkorock elkartearen eta ekimenaren jarduna txalotu zuen: "Orozkon musika kalera eramateko ahalegina egiten da. Musikak zuzenekoa behar du, hori da gure habitata".
Publikotik ere luzatu zuten gogoeta: “Musikarien esku badago ere jaialdi propioetako janaria, edaria edo eskaintza zehaztea. Saretzea da gakoa". Hala, antzerkiak bezala kalea behar du musikak, Galder Izagirreren esanetan: "Kaleak berreskuratu behar dira. Geroz eta entretenimendu gehiago ditugu etxeetan eta kaleetatik kanpo. Garaje edo lokalen batean entseatzeko elkartzeak ere ondorioak ditu". Musikaren eszena, beraz, eszenatokietatik kanpoko hainbat faktorek jartzen dute ezbaian.
Horrenbestez, Orozkorocken solasaldia amaitu bazen ere, eztabaida hasi baino ez da egin.