Euskal Federazioaren Euskaldun Txapelketa irabazi berri duzu, zorionak!
Mila esker. Txapelketa hauek oso garantzitsuak dira. Aurreko udan Lehendakari Txapelketa eta Euskaldun Txapelketa hau irabazi nituen, eta azken urteetan egon diren beste irabazleak profesionaletara pasatu dira. Txapelketa hau irabazteak erregulartasun oso handia erakusten du eta lorpen polita da.
Zelan ikusi duzu zure burua txapelketan otsailetik hona?
Gorabeherak egon dira baina erregulartasuna mantendu dut. Lehenengo lasterketan laugarren geratu nintzen, hurrengo asteburuan irabaztea lortu nuen, eta azken lasterketan bigarren egitea lortu dut. Nahiko erregularra izan naiz txapelketa guztian eta pozik nago, batez ere, horrekin, erregulartasunarekin.
Lau hilabetetan 15 proba izan dira, eta emaitza onak lortu dituzu: lehena izan zara Lizarran, Gorlan eta Irunen, bigarrena Markina-Xemeinen eta Murgian, hirugarrena Zornotzan, Berriatuan eta Tolosan eta laugarrena Ereñon.
Hiru garaipen lortu ditut Txapelketaren barruan, eta, batez ere, azpimarratzekoa da Gorlako garaipena. Izan ere, oso toki esanguratsua da txirrindularitzaren munduan, lasterketa hori irabazi duten askok emaitza oso onak lortu dituzte profesionaletan, Purito Rodrigez eta Contador, adibidez.
Lasterketa hori irabazi dutenen artean profesionaletara pasatu ez diren hiru txirrindulari baino ez daude, eta palmares horretan egotea oso polita da.
Hilabete lehenago, gainera, Espainiako txapelketa irabazi zenuen. Sentsazio gazi-goxoarekin geratu zinela esan zenuen, egungo perspektibatik horrela izaten jarraitzen du?
Daukadan oroitzapena nahiko polita da, lasterketa oso ondo atera zitzaidan. Irabazi nuen Pablo Garciak (Polti-Kometa) zoritxarreko erorialdia izan ondoren helmugatik hiru kilometrora. Hala ere, nire lasterketarekin oso pozik nago.
Zazpi garaipen lortu dituzu 2024an: Lizarra, Gorla eta Irungo Euskaldun Txapelketako probak eta Euskaldun Txapelketa bera, etapa bat eta Montañas Zirkuituko sailkapen nagusia eta urrea Espainiako Txapelketan. Urte onean zaudela dirudi.
Bai, oso urte ona ari naiz izaten. Boladaka izaten da, hilabete berean agian hiru edo lau garaipen lortzen dituzu, baina gero bi edo hiru hilabetetan podiuma ukitu ere ez duzu egiten. Hala eta guztiz ere, zazpi garaipen lortzea oso balantze positiboa da.
2021ean triatloia utzi eta txirrindularitzara igaro zinen. Hirugarren denboraldia da aurtengoa, zer balantze egiten duzu? Pozik zaude aldaketarekin?
Kirolariok, daukagun sakrifizioarekin, profesionaltasunera heltzeko asmoa daukagunean, lortu nahi dugu salto hori. Triatloian hori oso konplikatua da, Espanian oso jende gutxi dago profesionala dena.
Nik oso emaitza txukunak nituen triatloian, baina konplikatua ikusten nuen, eta horregatik aldatu nintzen txirrindularitzara. Uste dut nahiko bide onean nagoela profesionala izateko, eta hori lortzea espero dut.
Abuztuan Euskaltel-Euskadi taldean arituko zara
Talde filial batean egoteko aukera dago bekadun bezala talde profesionalekin korrika egiteko, eta Euskaltelek aukera hori emango dit.
Profesionalekin korrika egitea eta laranjaz janztea txirrindularitzan ibiltzen den edonoren ametsa da, batez ere, euskalduna izanda. Aukera hori izango dut abuztuaren 1etik aurrera.
Profesional izateko bide horretan pauso onak ematen ari zara, orduan
Bai. Gorlan irabazteak, Espainiako txapeldun izateak, duela bi hilabete irabazitako Montañas zirkuituko buelta bat irabazteak eta Euskaldun Txapelketa irabazteak erregulartasuna erakusten dute, eta indarra ematen didate bide horretan.