Ostegunean Albitzuko bidean harri erraldoiak erori ziren, eta trafikoa etenarazi zuten. Hori dela eta, Orozkoko Udalak premiaz bidali zuen langile brigada harkaitz handienak kentzeko, ibilgailuen trafikoa ahalbidetzeko. Bide erdian zeudenak erretiratu zituzten eta harri handi bat bazter batean geratu zen.
Lehen arazo hori konponduta, Udala aztertzen ari da zein izan den gertakariaren muina. "Harkaitzen jausia gertatu den lekua ez da publikoa, baina uste dugu Udalak erantzun behar diola. Izan ere, harrien tamaina ez da txikia eta istripurik ez zen gertatu, baina gertatuz gero, larria izango litzatekeen", azaldu du Aitor Iza alkateak.
Gauzak horrela, tokiko erakundeak teknikariak eta geologo bat bidali zituen atzo argitzeko zuhaitz baten sustraiek edo beste zerbaitek eragin duen harrien mugimendua. "Arazoaren sorburua topatzen dugunean, obren proiektua kontratatu eta egikarituko dugu", aurreratu du alkateak.