Urteko dinamikari jarraiki, Gaztaina eguna egingo dute urriko azken igandean. Goizean mendi ibilaldia egingo da udalerriko mendietan barrena, kirikino hesiak bisitatzeko. Horretarako, autobusa jarriko dute 09:30ean Hegoalden. Garraio zerbitzu horrek Usabelen utziko ditu mendizaleak eta bertatik ibilaldi gidatua abiatuko dute Telleri, Lastrabe eta Irukusgietan barrena. Ibilbidea sei kilometro ingurukoa da, eta hemen deskargatu daiteke.
Egunari amaiera emateko, herrigunean herri bazkariaz gozatzeko aukera egongo da txangoaren ostean, Zubiaurreko frontoian 14:30ean.
Gaztainaren garrantzia
2001ean hasi ziren Gaztaina eguna antolatzen, Orozkok duen ondarea erakusteko eta balioan jartzeko fruitu horrek euskal jendartearen elikaduran izan duen garrantzia.
Antzina, gaztainondoak zartakatu ondoren fruituak kurrikatxoekin jasotzen zituzten, minik ez hartzeko, eta saskietan biltzen zituzten. Ondoren, kirikino hesietan husten zituzten kirikinoz betetako zakuak.
Metro eta erdiko garaierako azpiegitura biribilak dira Kirikino hesiak, gaztainadian bertan eraikitzen zirenak. Orozkon dagoen handienak, Irukugietakoak, bi metroko garaiera eta zazpi metro eta erdiko diametroa du.
Kirikino hesietan mantentzen zituzten gaztainak urte osoan, hostoz eta makilez estalita. Egun, Gorbeialdean horietako batzuk mantentzen dira, Supelaur Kultur Elkartearen zaintza lanari esker.