Kalamuaren aurkako operazio berria egin du Ertzaintzak Orozko eta Ugaoko bi baserritan eta Bilboko lonja batean. Poliziak azaldu duenez, azken hilabeteetan eginiko ikerketen bidez ondorioztatu zuten aipatutako tokietan landare horren plantazioak egon ahal zirela. Gauzak hala, Bilboko 4. Instrukzio Epaitegiak baimena eman zien aipatutako tokietan sartzeko, eta hala egin zuten agenteek, esku-hartze unitateko eta txakurren unitateko kideekin batera.
Prentsa oharrean kontatu dutenez, marihuana-plantazio bana aurkitu zuten Orozko eta Ugaoko baserrietan, "argiztapen-, aireztapen- eta ureztapen-sistemez eta landareak hazten laguntzeko behar zen guztiaz hornituta". Gainera, argindarren konexioak iruzurrekoak zirela ere ikusi zuten. Bi pertsona atxilotu zituzten lehen operazio horretan.
🔴 AZKEN ORDUKOA | Kalamuaren aurkako operazio berria egin du Ertzaintzak Orozko eta Ugaoko bi baserritan eta Bilboko lonja batean. Lau pertsona atxilotu eta 1.000 kalamu landare atzeman dituzte guztira.
— Aiaraldea.eus (@aiaraldea) October 18, 2024
Informazio gehiago hemen:https://t.co/d3lwpMUvLT pic.twitter.com/stbLQxRAra
Geroago, beste bi kide atxilotu zituzten Bilbon, trafikatzaile sare berekoak izatea leporatuta, eta hirugarren plantazioa topatu zuten hiriburuko lonja batean. Guztira, "hazkunde-fase ezberdinetan zeuden 1.000 landare baino gehiago" topatu dituzte poliziek, "saltzeko prestatutako eta xehatutako 50 kilo marihuana-hosto eta 20.000 euro ingururekin batera".
Atxilotuek 63, 44, 42 eta 41 urte dituzte, hurrenez hurren, eta hiru delitu egotzi dizkiete: osasun publikoaren aurkako delitua, talde kriminaleko kide izatea eta argindarrarekin iruzur egitea. Epailearen esku utzi dituzte laurak.