Zelako Kultur Ideiak Kooperatiba Elkarte txikiak egin du abestia zein koreografia, Indumak sustatuta eta Udalaren euskara sailaren laguntzarekin. Guraso euskaldun talde batek plazaratutako kezketatik abiatu da ekimena, eta Zelako Kultur Ideiak-ek hainbat proposatu zituen, abestia egitea tartean. Horrela, letra, musika eta koreografia sortu zituzten.
Indumako arduradunak Aiaraldea Komunikabideari azaldu dionez, urriaren 11n, ostiralean, koreografia grabatu zuten Donibane Aretoan, zortzi pertsonako txandetan.
Herriko elkarte guztiei luzatu zieten gonbidapena, eta bik izan ezik, beste guztiek parte hartu zuten. Eskolako umeak ere bertan egon ziren. Herriko elkarteak gonbidatu zituzten "sentimendu kolektiboa sustatzeko asmoarekin".
Hurrengo pausoa izango da Arimen Gauan (urriak 31) abestia aurkeztea. Arratsaldeko seietan jarri dute hitzordua Zubiaur plazan, eta abestiaren koreografia dantzatuko dute, denen artean.
Bideo bakarra egingo dute Donibane Aretoan eta plazan grabatutakoarekin, eta hainbat okasiotan erabiltzea da asmoa: Gabonetan, inauterietan, Donibane Aretoan jartzen diren filmen aurretik...
Hori dela eta, herritarrak dantza praktikatzera gonbidatu ditu Indumak, eta guztiek batera dantzatzeko urriaren 31n. Esan bezala, dantza horren grabazioak egingo dira, eta lehendik egindakoei gehituko zaizkie, abestiaren bideoa sortzeko.