ANDER GANZABAL

“Kirol honetan hasten garen guztiok txikitatik izan dugun ametsa da profesional mailara salto egitea”

Aimar Gutierrez Bidarte 2024ko urr. 27a, 08:00

Garaipenez beteriko denboraldia egin du Ganzabalek aurten, orain bere tokia topatzea dagokio goi-mailako tropelean. / Aiaraldea.eus

ANDER GANZABALek (Orozko, 2000) denboraldi borobila egin du aurten Euskadi Fundazioko 23 urte apziko taldean. Egindako lanaren fruituak jasotzeko unea iritsi zaio orain: bi urterako sinatu du Euskaltel taldean.

Euskaltel Taldean arituko zara datozen bi urteetan. Nola jaso duzu eskaintza?

Ilusio handiarekin. Kirol honetan hasten garen guztiok txikitatik izan dugun ametsa da profesionaletara salto egitea. Beste pausotxo bat ematea da, saltorik handiena kategoria guztietan. Maila handieneko txirrindulariekin korritzeko aukera ematen dizun jauzia.

Exijentzia maila igo egin duzu aurten.

Ikusita batez ere aurreko urtean egindako denboraldian gauzak nahiko txukun atera zitzaizkidala, baina garaipenetan ez nintzela hain fin ibili, aurtengo helburua hori zen nagusiki: garaipen politak lortzen saiatzea. Hortan aritu gara. Zorionez hasierako presio hori arin kendu nuen gainetik, eta arin lortu nituen garaipen onak eta postu onak karrera garrantzitsuetan. Hortik aurrera denboraldiaz disfrutatzea izan da egitekoa, garaipenak etorri direnean ondo, eta taldekideei laguntzea tokatu zaidanean ere oso ondo. Nahiko denboraldi erosoa izan da azkenean.

Garaipen ugari erdietsi dituzu denboraldi honetan. Bakarra aukeratzekotan, zeinekin geratuko zinateke?

Ziurrenik aurtengo denboraldia ikusita, Gorlako garaipena izango zen niretzako garrantzitsuena. Alde bateik Gorla moduko toki batean irabaztea kristona da berez, batez ere, bertako garaipenen palmaresean dauden izen potolo guztiengatik. Bestetik, etxe alboko lasterketa izanda, familia etorri zen ni ikustera, eta hori oso berezia izan zen niretzako. Amama ere etorri zen ni ikusten. Familia alboan izateak beste esanahi bat ematen dio garaipenari.

“Jabetu naiz zeinen maila altua dagoen World Tourrean”

Bi denboraldiz arituko zara Euskaltel Taldean, baina honezkero lasterketaren bat edo beste egin duzu maillot laranja jantzita. Bizitakoaren ostean nolakoak aurreikusten dituzu datozen denboraldiak?

Hori da bai; denboraldia amaitzeko lau lasterketa egin nituen Euskaltel Taldearekin. Belgikako klasiko batean izan nintzen, munduko esprinter onenekin. Italiako Giroan, Tourrean eta Espainiako Vueltan etapak irabazitako esprinterrak aritu ziren bertan, eta hor ulertu nuen zer den abiadura bizian joatea. Italia aldean izan nintzen ere, eta hor txirrindularitzaren beste aldea ikustea tokatu zitzaidan. Munduko eskalatzailerik onenen alboan izan nintzen: Pogačar, Remco… Jabetu naiz zeinen maila altua dagoen World Tourrean, eta zeinen arin doazen, gu amateur mailan goazen abiadura ikusita (barreak).

Ikusitakoak ikusita, zein da zure lehenengo denboraldiko erronka?

Nik uste garrantzitsuena profesional mailara salto egiterako orduan zure tokia bilatzea dela. Hori da, hain zuzen profesional izandako guztiek esaten dizutena: jakitea zein lasterketa diren zuretzako onak, zein karreratan ez duzun aukerarik puntuak edo postu txukunak lortzeko, non tokatzen den taldekideak laguntzea… Datorren urterako niretzako helburu nagusia hori da, jakitea zeintzuk diren niretzako lasterketarik hoberenak, non moldatzen naizen hobeto, eta noiz aritu beharko naizen taldekideentzat lanean.

Oro har, oso gogotsu egongo zara erronka berri honi ekiteko.

Bai, bai, erabat. Denboraldia bukatu berritan atseden hartzeko aste pare bat hartu ditut Italian eta Mediterraneo aldean, pixka bat deskonektatzeko helburuarekin. Aste honetatik aurrera ekingo diot poliki-poliki erritmoa hartzeari, berriro ere forma ona hartu eta datorren urtea gogotsu hasteko gogoz.

Oraindik kirol-egutegi finkorik ez duzuen arren, nolakoa nahiko zenuke izatea profesional mailako estreineko denborladia?
UCI ProTeam kategoriako taldea izanda, lasterketa askotara joateko gonbidapenen menpe gaude. Gonbidapen horiek asko baldintzatzen dute egutegia. Egutegi finkorik gabe ere, forma ona hartzea eta tokatzen den lasterketa tokatzen dela maila ona ematea dira nire helburuak.

“Esfortzua eta sakrifizioa jarri ditut nik, baina beste askok ere jartzen dituzte eta ez dituzte helburu berdinak lortzen”

Errealitate bihurtutako amets bat dela aipatu duzu lehen. Zu triatloitik zatoz, nola baloratzen duzu profesional mailaraino egindako ibilbidea?

Ni, txirrindularitzari dagokionean gutxienez, zorte handia izan duen pertsona naiz. Triatloitik etorrita, berandu sartu nintzen kirolean. Hiru urtetan egin dut tropelean sartzetik profesional mailarainoko bidea. Oso prozesu azkarra da hori, profesional mailara salto egiten duten pertsona gehienek lau urte egin dituzte aurretik kadete eta gazte mailetan. Esfortzua eta sakrifizioa jarri ditut nik, baina beste askok ere jartzen dituzte eta ez dituzte helburu berdinak lortzen. Horregatik diot zorte handikoa naizela.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide