Lehen ekintza publikoa egingo duzue aste honetan. Zer izango da, zehazki?
Ostiralekoa gure ekintza publiko handiena bada ere, aurretik mahai informatiboa jartzen ibili gara Orozkoko plazan ostiralekoari begira. Egia da antolatu dugun hitzaldiak pisu handia izan duela azken asteotan gure eguneroko jardunean. Alde batetik, geure burua aurkeztuko dugulako modu formalean eta bestetik, Miren Ros gaian aditua dugulako hizlari.
Altxa Burua Orozkoren helburuak zeintzuk dira?
Altxa Buruak orokorrean dituen hiru helburu nagusiak ditugu, sakelako telefonoa izateko adina atzeratzea, behin emanda gure seme-alaben bidelagun izatea eta gizartea kontzientziatzea gailu digitalen erabilera desegokiaren inguruan.
Zein tresna baliatuko dituzue horretarako?
Ez genuke esango tresna zehatzik dugunik, baliabideak eta egiteko moduak baizik. Hau da, Udalak eskaini dizkigunak eta eskolako guraso izateak gainontzeko familiekiko ematen digun hurbiltasuna.
Asmoa dugu kafe tertulia eta galdetegien bitartez prozesu parte-hartzailea irekitzeko familien iritziak kontuan hartu eta aurretik aipatutako helburuak betetzeko.
Zein aliatu dituzue?
Hasieratik laguntza handia jaso dugu, zintzoak izanda. Guk hiru aliatu handi ditugu gaur egun, Orozkoko Udala, beste Altxa Burua taldeak eta gaiarekin kezkatuta dauden hainbat herritar, egoera pertsonalengatik eragile lanetan ez dabiltzanak egun, baina gertutik jarraitzen gaituztenak.
Nola baloratzen duzue sortzen ari den eztabaida sakelakoen erabilerari buruz?
Guretzako oso positiboa da eztabaida bat egotea gaiari buruz kalean, horrek adierazten duelako benetan kezka dagoela. Eta behin kezka nagusiak azaleratuta egiteko beste modu batzuk aurrera atera daitezkeelako. Esaterako badago eztabaida zehatz bat gertutik jarraitzen ari garena, eskoletan mugikorrak debekatzearena, iruditzen zaigulako beharrezko aurrerapausoa dela. Kontuan izan behar dugu zenbait pediatra eta psikologo erabilera desegokiari buruz ohartarazten ari gatzaigula, loan, memorian, autoestimuan eta abarrean duen eragin negatiboaz.
Nola sortu zenuten taldea, prozesu bat izan da, ezta?
Horrela da, bai! Udalak antolatutako hitzaldi batetik irten ginela gure artean hizketan hasi ginen. Berbaldi hartan gure kezka berbera zuten beste guraso batzuk elkar identifikatu genuen, handik aurrera beste gairik ez genuen izan elkar ikusten genuenean eta horrelako baten batu eta Altxa Burua Orozko sortzea ebatzi genuen, nahiko natural egia esateko.
Noiz eta zergatik abiatu zenuten taldea?
Aurreko ikasturtearen bukaeran izan zen lehenengo bilera, bertan ikusi genuen giharra bazela taldea sortzeko eta proiektua aurrera ateratzeko.