Oroimen historikoaren bigarren ekitaldia egin da gaur Orozkon, "Orozkokoak gogoan" lemapean. Hasteko, lore eskaintza egin dute duela bost urte Lehendakari Agirre plazan jarri zen monumentuan. Jarraian, Los hijos de Gernika filma ikusi dute Donibane Aretoan eta, bukatzeko, Ramon Zurimendik Orozkoko eta Gorbeiako gerra zibilari buruzko azalpenak eman ditu. Aztarna Etnografia Elkarteko presidentea eta La Guerra Civil en el Alto Nervion liburuaren egilekidea da Zurimendi.
Oroimen historikoaren manifestua
Manifestua irakurri dute lore eskaintzan. "Urriaren 26ko ekitaldia gerra zibilaren, diktadura frankistaren errepresioaren eta edozein indarkeria motaren biktima izan ziren Orozkoko gizon eta emakume guztiak oroitu, omendu eta aitortzeko nahiari" zor zaiola azaldu dute, "printzipio eta balio demokratikoen alde egiteagatik".
Halaber, manifestuaren hitzetan, "duintasuna itzuli behar zaie biktimei eta, batez ere, haien senideei".