Gorbeian dagoen zezen batean trikomoniasi kasu positibo bat detektatu du Bizkaiko Foru Aldundiko Abeltzantza Zerbitzuak. Hori dela eta, indarrean jarri ditu Animalien Osasun Programan jasotako neurriak. Ondorioz, Gorbeiako larre partekatuetan dauden zezen guztiak erretiratzeko agindua zabaldu du.
Behin animaliak kenduta, Aldundiak berak abiatuko ditu kontrolak gaixotasunaren zabalpena neurtu eta horren araberako erabakiak hartzeko.
Gogoratu beharra dago trikomoniasia sexu-transmisioko gaitza dela eta abortuak eragiten dituela. Bizkaiko Foru Aldundiak ohartarazi du ugalketa sistema naturalak erabiltzen dituzten behi-aziendak bereziki zaurgarriak direla gaitz horren aurrean.