Labetik ateratzear dago Zinkha taldearen lehen lan luzea. Bederatzi kantu izango ditu diskoak, eta atzo bertan plazaratu zuten Eztia singlea. Aurreratu dutenez, Durangoko Azokan aurkeztuko dute album osoa. Hain zuzen, Ahotsenea espazioko oholtzan eskainiko dute kontzertua, beste 34 talderekin batera.
Eten Espazio Sonoro estudioan grabatu dituzte kantu guztiak urrian, Urtzi Izaren gidaritzapean. Gau hartan izango da diskoaren izena. Izan ere, “gau batean gertatu daitekeen guztia” kontatuko dute, “bizipenak mahai gainean” jarriz. “Eguneroko gaiak salatu eta herriari ahotsa ematen dioten kantuak” osatu dituzte horretarako, taldeko kideen hitzetan.
Bi urte igaro dira Zinkhako kideak entsegu lokalera lehen aldiz sartu zirenetik. “Orduak eman ditugu lokalean, soinu eta erritmo artean gure bidea bilatuz eta horretan jarraitzen dugu”, azaldu dute, taldea “askatu, sortu eta gozatzeko” espazioa bilakatu dela aldarrikatuta.