Musika banda berria du eskualdeak: Barrrk. Laudio, Orozko, Bilbo eta Malagako kideek osatzen dute taldea, eta gaur iluntzean eskainiko dute estreinako kontzertua, Orozkoko Jentilzulo Kulturgunean.
Iragan urtean sortu zuten taldea Rubenek eta Josuk, lagunartean musika jotzeko asmoz. Hilabeteak aurrera joan ahala kide berriak batu dira proiektura: Bruno baxu jolea eta Yasmine abeslaria.
Estilo "dantzagarri eta freskoa" dutela ziurtatu dute, rockaren espektro zabalean kokatzen dutena. "Zaila da musika estilo batean etiketatzea. Post-rock edo post-punk izan zitekeen. Estilo modernoa da", adierazi diote Aiaraldea Komunikabideari.
Ingelesezko eta gaztelaniazko hitzek osatzen dituzte abestiak. Izan ere, Yasmine abeslaria Malagatik dator eta familia Ingalaterrakoa dauka. Halaber, ez diote euskarari aterik itxi nahi izan. Taldearen komunikazioa euskaraz egitea erabaki dute, eta euskarazko abesti bat ere jotzen dute.
Lehen zuzenekoa, baina ez bakarra
Gaur iluntzean 21:00etan zabalduko dituzte Jentilzulo Kulturguneko ateak eta lehenengo aldiz igoko da oholtza gainera Barrrk taldea. Mandragora bandarekin elkarbanatuko dute oholtza, eta DJek jai-giroa luzatuko dute gero.
Kontzertu "xumea" eskainiko dutela azaldu dute Barrrk taldeko kideek: "Guztira sei abesti propio eta pare bat bertsio joko ditugu. 30 minutuko iraupena duen kontzertua da gurea".
Gaurkoa, ordea, ez da datozen asteetan Barrrk ikusteko egongo den aukera bakarra izango. Datorren abenduaren 6an Portugaleteko Sastraka Gaztetxean arituko dira.