6.485.580 euroko aurrekontua onartu dute Orozkoko Udalean, zinegotzi guztien adostasunarekin

Oihane Ozaeta Fernandez 2024ko abe. 9a, 11:45

Zinegotzi guztiek bozkatu dute aurrekontuen alde. / Aiaraldea.eus

Udaleko arloetako teknikarien, EAJren, EH Bilduren eta Orozkoko herritarren ekarpen eta iradokizunekin osatu da plangintza ekonomikoa.

2025erako aurrekontuak onartu ziren aho batez abenduaren 2ko ezohiko udalbatzan. Aurreko urtean historikoa izan zen zinegotzi guztiek aurrekontuak onartu izana, eta aurten ildo beretik joan dira. Hala, Udalaren aurrekontu osoa 6.485.580 eurokoa izango da, aurten baino 239.480 euro gehiago.

Hazkunderik esanguratsuenak hauek dira, Aitor Iza alkateak plenoan azaldu zuenaren arabera:

  • Zuzeneko zergetan: Eraikuntzen gaineko zerga igoko da 220.000 eurotik 300.000 eurora. Aurtengo diru-bilketaren aurreikuspena 460.000 eurokoa delako egin da igoera hori.
  • Tasetan, prezio publikoetan eta bestelako diru-sarreretan: Etxeko zabor-bilketaren partida 148.000 eurotik 207.000 eurora igoko da, iraunkortasunari buruzko legearen hondakin-tasaren ondorioz.
  • Hirigintza-lizentziak ematea: 12.000 eurotik 75.000 eurora igoko da. 2024aren amaieran 90.000 euro biltzea aurreikusten da, eta 75.000 euro jarri dituzte aurreikuspen gisa. Ekonomilariarekin adostua erabaki dute hori, aurtengo datuetan oinarrituta.
  • Transferentzia arruntak: Aldundiaren transferentziak 0tik 30era igoko dira (batez ere Aldundiaren dirulaguntzak dira. Udalaren asmoa da proiektuak diseinatzea dirulaguntzak eskatzeko).

Gastuak eta sarrerak kontuan hartuta, hau izango litzateke aurrekontua arloka:

  • Gizarte-ongizatea: %8,40 jaitsi da. Jaitsiera egoitzaren kudeaketari dagokio. Izan ere, Aldundiak 100.000 eur eman ditu. Diru hori egoitzan dauden plazen arabera sartu eta ateratzen da. 
  • Berdintasuna: %5,17 igo da, hau da, 67.700 eurotik 71.200 eurora. Aurrekontuan markatzen den %1eko ehunekoa betetzen ari dira, orain markatzen duenaren arabera %1,1 baita.  Berdintasun-teknikariaren jardunaldiak ekarri du igoera, egun batetik bi egunera igaro baita, eta 10.000 eurotan jaitsi da, LGTBI azterlana sartuta zegoelako jada 2024ko aurrekontuetan.
  • Osasuna: %11,28 igo da, osasun-zentroko garbiketaren indartzearen ondorioz.
  • Kultura: %14,31 igo da. Gaztetxoko/gazte planaren kudeaketa 80.000 eurotik 167.000 eurora igo da, eta Gazte txokoaren kudeaketa lizitatu egingo da.
  • Kirola eta gazteria: %9,34 jaitsi da. Kirol-instalazioen mantentze-lanengatik egon da beherakada, 85.000 eurotik 40.000 eurora. Udalaren asmoa da kudeaketa egiten duen enpresarekin bilera bat egitea urtez urteko jarduerak markatzeko, urtetik urtera instalazioa birmoldatzen joateko.
  • Komunikazioa: %33 igo da, komunikazioaren kudeaketaren lizitazioa dela eta. Hau da, 30.000 eurotik 40.000 eurora igo da, lizitazioaren benetako kostuengatik.
  • Hezkuntza: %9,82 igo da, 29.000 eurotik 50.000 eurora. Hazkundea eskolako eraikinen konponketan, mantentze-lanetan eta kontserbazioan egon da. Asmoa parke berri bat egitea da, jantokia birmoldatzea... partida handitzea erabaki da azken kostua zein izango den argi izan gabe.
  • Euskara: % 11,87 igo da, 20.000 eurotik 30.000 eurora. Euskara sustatzeko eta dinamizatzeko partidagatik izan da batez ere.
  • Enplegua: %7,88 igo da. Hiru pertsona kontratatuko dira, urtebetez. Urtero egiten den eskualde-planaz gain, aurten langileak gehitzeko laguntza bat atera da administrazio publikoan lehen lan-esperientzia moduan sartzeko.
  • Hirigintza eta auzoak: %4,73 igo da. Konponketen, hondakin-uren mantentze-lanen eta ingurumen-teknikariaren kontratazioaren partidek egin dute gora batez ere.
  • Jasangarritasuna, ingurumena eta turismoa: %10,60 igo da. 197.850 eurotik 218.830 eurora. Igoera nagusia azoketan izan da (40.000 eurotik 60.000 eurora).

Alkateak plenoan azaldu zuenez, urteko lehen hilabeteetan aurrekontu guztiak izatea da asmoa, eta eskolarekin eta kiroldegiarekin biltzea egingo dena doitzeko. Behin hori eginda, kreditu aldaketa bat burutuko litzateke, obra edo asmo horiei guztiei ekiteko.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide