AITOR IZA

“Bigarren urtez jarraian onartu ditu oposizioak aurrekontuak eta arrakasta handienetako bat da hori, herriarentzat ona delako”

Oihane Ozaeta Fernandez 2025ko urt. 3a, 16:40

Oposizioarekin aurrekontu akordioa erdietsi du Aitor Izaren Udal Gobernuak. / Aiaraldea.eus

Behin gobernantzaren tempoa hartuta, eta gabeziak eta indarrak identifikatuta, hauteskundeetara eraman zuten programa gauzatzea da AITOR IZA alkate jeltzalearen asmoa hurrengo urteetarako. Oposizioarekin akordio batera iritsi izanaren garrantzia azpimarratu du elkarrizketan zehar, herriarentzat ona dela iritzita.

Aurreko urtea kokatzeko eta egokitzeko urtea izan zen. Behin martxa hartu duzuela, zer balorazio egiten duzu urten?

Urtebete egin dugu gure aurrekontuak gauzatu zirenetik, iazko abenduan onartu zirenak, eta egiten dugun balorazioa positiboa da. Ez genuen nahi elefante bat katxarro-denda batean bezala sartu, uste genuen garrantzitsuena zela ulertzea nola funtzionatzen duen Udalak, arlo desberdinek, zer behar zeuden barne mailan, eta herri baten gobernantzaren tempoa hartzea. Horretan oinarritu da, batez ere, urtea. Orain ideiak argiago ditugu, badakigu zeintzuk diren gabeziak eta indarrak, eta horretan oinarrituta egingo dugu lan gainerako urteetan. Datozen urteetan saiatuko gara Udalean sartu ginenean genuen programa gauzatzen.

Urte hasieran markatu zenituzten helburuei dagokionez, zer balantze egiten duzu? Zeintzuk bete dituzue eta zeintzuk geratu zaizkizue hanka-motz?

Arazo handiena hirigintzan izan dugu. Ni sartu nintzenean aparejadore berria etorri zen, aurten gaixotasun bat izan du eta baja hartu behar izan du, eta urrira arte ezin izan dugu ordezkatu. Beraz, arazo txiki batzuk izan ditugu lizentziei dagokienez, eta aurten obra txikietarako lizentzia berri batekin aldatzen saiatuko gara. Horrek ere eragina izan du proiektu potoloenetan. Baina, hala ere, kiroldegian eta eskolan obrak egin ditugu, herriko eraikin nagusiak direla uste baitugu, eta asmoa da urtero eraikin horietan zenbait obra egitea. Gainera, zeharkakotasun handia duten eraikinak dira, arlo asko aplikatzen baitira (euskara, kirola, sozializazioa...). Kultura, Kirola eta Gazteria sailean bultzada handi samarra eman dugula uste dugu. Kulturaren partida handitu egin da, batez ere, egin ditugun ikastaro berriak garatu direlako, eta Orozkoko kultur taldeentzako dirulaguntzak ere handitu egin direlako. Kultur taldeak funtsezkoak dira Orozkon kultura egon dadin, Udalak ezin baitu guztia kudeatu. Guk uste dugu lagundu nahi duen jendea egonda, ekonomikoki laguntzen badiegu, programa kultural handiagoak gauzatzen direla.

Komunikazioa, Hezkuntza eta Euskara sailari dagokionez, Hezkuntzan egin dugun gauzarik garrantzitsuena eskolako erreformak izan dira. Bestalde, Euskararen plan estrategikoa egin da, aurten lantzen ari gara eta herritarren parte-hartzearekin sustatuko da. Gainera, Orozkoko Udaleko Euskara Normalizatzeko Plana eta hizkuntza-irizpideak onartuko dira Osoko Bilkuran. Komunikazioari dagokionez, lizitazio bat egin genuen komunikazioaren gaia kudeatzeko, sare sozial berriekin gehiago komunikatzeko, WhatsApp kanal bat sortzeko. Ia % 33 handitu dugu komunikazio-aurrekontua, jendeak egiten dugun guztiaren berri jaso dezan.

Enpleguari dagokionez, Udaleko arlo ezberdinak sustatu ditugu. Indartu egin dira, Eusko Jaurlaritzaren laguntza bati esker, administrazioan gazteei lehen enplegua emateko aukera eskaintzen diona. Obretarako langile bat, teknikari administratibo bat eta ingurumen-teknikari bat kontratatu ditugu.

Iraunkortasuna, ingurumena eta turismoa sailean ere aurrerapausoak egin ditugu. Iraunkortasunari dagokionez, hainbat obra egin ditugu, hala nola eskolako eguzki-panelak, funtsezkoak direnak. Nekazaritzan partida % 130 handitu genuen, Orozkoko abeltzainen elkarteak NPBk (Nekazaritza Politika Bateratua) ematen zuen finantzaketa galdu zuelako. Eta, gainera, azoka berri bat sustatu dugu. Nekazaritza Orozkoko sustraiaren parte dela uste dugu eta mendiarekin dugun balio natural hori sortzen laguntzen digu.

Berdintasunarekin lotutako hainbat gai landu dira, horien artean LGTBI+ azterlana. Gustatuko litzaiguke parte-hartze handiagoa izan balitz, izan ere, oraindik ez da gauzatu ez duelako jende askok parte hartu.

“Urteko lehenengo helburua EH Bildurekin harreman atsegina izaten jarraitzea da, herrian modu koordinatuan lan egiten saiatzea, Orozko eta bertako jendea eta azpiegiturak hobetzeko”

Abenduko osoko bilkuran adostaduna egon zen zinegotzi guztein artean, eta 2025eko aurrekontuak onartu dituzue. Ze balorazio egiten duzu? 

Pozik gaude. Herriarentzat ona da indar politikoen artean akordio bat egotea aurrekontuak guztion artean adosteko. Nahiz eta batzuek gobernatu eta beste batzuk oposizioan egon, uste dut denok maite dugula herria, eta horrek batzen gaitu, ez da beste erakunde batzuetako gauza bera. Gure asmoa oposizioari informazioa ematea da, ahal dugun guztia ematen dugu, ez dugu ezer ezkutatzeko. Horretan oinarrituta, komunikazio nahiko arina dago bi taldeen artean, akordioak lortzen ditugu, haiek beren gauzak proposatzen dituzte, guk uste dugu ekarpenek balioa dutela, eta, horregatik, aurrekontuetan islatzen saiatzen gara. Bigarren urtez jarraian onartu ditu oposizioak aurrekontuak, eta niretzat arrakasta handienetako bat da hori, herriarentzat ona dela uste baitut.

Batez ere oposizioarekin akordio batera iritsi izanak pozten nau, herriarentzat ona dela uste dut eta horretan eragitea gustatzen zait, eta EH Bilduren laguntza ere eskertzen dut arlo guztietan. Harremana oso adeitsua izan da, bakoitza ideologia batekoak garela jakinda, baina hori herriarentzat balio garrantzitsua dela uste dut eta aurrera eramaten jarraitu behar dugu.

Aurretik Orozkoko aurrekontu orokorretarako iradokizunak eta proposamenak aurkezteko aukera zabaldu zenieten herritarrei. Parte-hartzea zelakoa izan zen?

Aukera hori ireki genuen herriak horren parte izan behar duela uste dugulako. 8-9 iradokizun jaso genituen eta baloratu dira aurrekontuetan, errepikakorrenak ziren batzuk sartu ditugu. Oso pozik gaude, nahiz eta jende gehiagok parte hartzea gustatuko litzaigukeen, beraz,  hurrengo urteetan ere hala egingo dugu eta gehiago zabalduko dugu.

Zeintzuk dira hurrengo urtera begirako helburuak?

Lehenengo helburua oposizioarekin harreman atsegina izaten jarraitzea da, herrian modu koordinatuan lan egiten saiatzea, Orozko eta bertako jendea eta azpiegiturak hobetzeko. Eta behin Udalaren haria hartuta, proiektu beharrezkoenak gauzatzen saiatuko gara, gure legealdiko programan sartuta zeudenak.

Urtarrilean bilera batzuk koordinatuko ditugu oposizioarekin eta teknikariekin, bai obra handietarako, bai mantentze-lan txikietarako. Helburu batzuk ezarri eta horien gainean lan egingo dugu. Azken batean, ideia hori da, bultzada bat ematea, zorionez Udala ekonomikoki oso saneatuta dagoelako. Dirua herrian eta herriaren mesedetan egikaritu behar dela uste dugu.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide