Jai giroa nagusitu zen atzo Orozkon, herriko ekimen deigarrienetako bat egin baitzuten: kaleen arteko herri kirol txapelketa. Goizeko hamarretan jarri zuten zita potroan, gero sokatiran arituko ziren kideen pisaketa egiteko. Ondoren, Zubieta kalera bertaratu ziren parte hartzaile guztiak, txapelketaren plaka kendu, talde argazkiak egin eta kiroldegirantz abiatzeko trikiti eta panderoaren erritmoan.
Ehunka lagun zituzten zain frontoi estalian, eta bertan egin zituzten txapelketako proba guztiak: zozkor bilketa, txingak, trontzak, harri-jasotzea eta sokatira. Bronx taldeko kideak gailendu ziren, 20 punturekin. Euren atzean geratu ziren Burruskalekoak, 15 punturekin. Zubieta eta Andramarikoek 14 puntutan berdindu zuten, eta Herriko plazako kideek 12 punturekin amaitu zuten norgehiagoka.
Bi ordu eta erdi pasatxo iraun zuen txapelketa guztiak. Ondoren, bazkaria egin zuten eskolan, eta DJekin luzatu zuten arratsaldea.