Gorbeia Parke Naturaleko bazterrak ezagutzen ibili zen Paco Nadal 2024ko urrian. Pagadiak, ur-jauziak eta inguruko herriak bisitatu zituen, Orozko tartean, eta hainbat jarduera berezi ere egin zituen, hala nola Iturrieta sagardotegia, Baias garagardotegia eta Antzasti eta Euskal Buztingintza Tradizionalaren museoak bisitatzea.
Urtarrilean Madrilen aurkeztu zuen egun horietako esperientzia biltzen duen bideoa, Nazioarteko Turismo Azokaren (FITUR) baitan. Berez, Gorbeia Helmuga Turistikoak Eusko Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailarekin eta Arabako eta Bizkaiko Foru Aldundiekin lankidetzan ekoitzitako bideoa da "Paco Nadal Gorbeian, Euskadiko Bihotz Berdean".
Bideoaren aurkezpen-ekitaldian, Paco Nadalek bere esperientzia pertsonala partekatu eta paisaien edertasuna eta jendearen berotasuna nabarmendu zituen. Instagramerraz gain, bertan egon ziren ere Olatz Urkiza Gorbeialde LGEko presidentea eta Agustin Otsoa Gorbeialdeko Kuadrillako presidentea. Azken horrek, "mota horretako ekimenen garrantzia" azpimarratu zuen, "Gorbeia helmuga turistiko iraunkor eta aktibo gisa sendotzeko, natura, gastronomia eta kultura tradizionala maite dutenentzako eskaintza batekin".
Ekimenaren sustatzaileen arabera, "Paco Nadalen bideoaren aurkezpenak Gorbeiaren kokapena indartzen du, helmuga berde eta jasangarri gisa, natura, ekoturismoa eta tokiko gastronomiaz gozatzea bilatzen duten pertsonentzat da aproposa". Halaber, bideoaren bitartez, tradizioari ere balioa eman nahi izan diote eta ingurumenarekiko arduratsua den turismoari ate berriak ireki.
Paco Nadalen YouTubeko kanalean dago bideoa eskura, ikusi nahi duen pertsona ororentzat: