Gorbeiako Parke Naturala finalista da 2025eko National Geographic Bidaia-Irakurleen Sarien Espainiako Helmuga Natural Onenaren kategorian. Sarien hirugarren edizioan, munduko helmuga, hotel, ekimen eta airelinearik onenak hautatuko ditu publikoak, eta bozkatzeko aukera otsailaren 21era arte egongo da irekia.
Helmuga Natural Onenaren kategorian, Gorbeia beste lau bazter naturalekin batera dago izendatua. Hain zuzen ere, Val d'Aran, Teideko Parke Nazionala, Guadarrama Mendilerroko Parke Nazionala eta Tajo Garaiko Parke Naturala izango ditu lehiakide kategoria honetan.
16 kategorietako irabazleak apirilaren 22an iragarriko dira, aldizkariaren maiatzeko edizioan eta webgunean. Gorbeiako Parke Naturalak bere kategorian irabaziko balu, nazioarteko nolabaiteko aintzatespena lortuko luke modu horretan.
Bozkatzeko urratsak
Bozka eman nahi izanez gero, honako urrats hauek egin behar dira: Lehenik eta behin, National Geographic-eko weborrian sartu behar da. Hemen klik eginez zuzenean bozkatzeko pantailara eramango zaitu. Bertan, kategoriak ausazko hurrenkeran agertuko dira, eta bozka baliogarria izateko guztietan egin behar da hautaketa. Ondoren, balidazio-formularioa bete, baldintzak onartu eta bozka bidaltzeko aukera izango du edozein herritarrek.