Aholkularitza sexologikorako doako udal zerbitzua abiatu dute Orozkon

Maider Ramirez Martin 2025eko otsailaren 6a

Ziurtatu dute konfidentzialak izango direla kontsultak. / Freepik

Sexuarekin, harremanekin zein identitatearekin lotutako edozein gai jorratu ahalko dira kontsultetan. Aurretik hitzordua hartzea beharrezkoa da.

Orozkoko Udalak aholkularitza sexologikorako zerbitzua jarri du martxan, eskola eremuaz gain, helduaroan eta zahartzaroan ere sexuari lotutako gaiak jorratzeko. Besteak beste, orozkoarren identitateek, harremanek edo desirek sorrarazitako behar zein eskaerak kontuan hartu nahi dituela adierazi du Udalak, "ongizate subjektiboarekin zuzenean lotuta" daudelako.

Horretarako, espazio bat jarriko dute eskura Zubieta hiribideko 16. zenbakian, eta Uxue Astorga sexologo profesionala izango da kontsultaren arduraduna. Udalak azaldu duenez, zerbitzu "eskuragarria, doakoa, hurbila eta segurua" izango da; eta, beraz, konfidentzialtasuna ziurtatuta dago.

Hainbat dira kontsultetan jorratu daitezkeen gaiak, hala nola bikote harremanari eragiten diotenak, identitate eta orientazio sexualari lotutakoak, desira eta gustuei buruzkoak edota sexuak eragin ditzakeen plazer zein minen ingurukoak. Horren guztiaren inguruan hitz egiteak eta aholkularitza jasotzeak, hainbat alderdi positibo dituela nabarmendu du Orozkoko Udalak. Horien artean daude, esaterako, egoera zehatzei buruz dugun bizipena aldatzeko ikuspuntu desberdinak jasotzea, norbere buruaren ezagutza hobea lortzea eta autonomia handiagotzea.

Zerbitzua erabili nahi izanez gero, aurretiko hitzordua hartu behar da, zuzenean aholkularitzaz arduratuko den profesionalarekin, horretarako 722198893 zenbakira deitu daiteke edo uxue.sexologia@gmail.com helbide elektronikora mezu bat bidali.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide