Orozkorock jaialdiaren antolatzaileek ekin diote giroa berotzeari eta ostiralean 20:00etan aurkeztuko dute aurtengo edizioa. Horretarako, Xabi Badiola bakarlariaren emanaldiaren aurretik hartuko dute hitza.
Albiste garrantzitsuak eskainiko dituzte hitzartze horretan. Besteak beste, kontzertuen data iragarriko dute (aurten egun bakarra izango da) eta arituko diren bost talderen eta DJ baten izenak. Horrez gain, beste talde baten izena gordeko dute aurrerago jakinarazteko.
Bi gune egongo dira musikaz gozatzeko: jaialdiaren eremua eta herriko plaza. Lehenengoan bost banda eta DJa egongo dira eta bestean beste talde bat.
2025eko Orozkorockeko kamisetak eta sarrerak ere izango dituzte salgai biharko aurkezpenean. Izan ere, aurten ordainduzkoa izango da kontzertu sorta.
Aurtengoa bosgarren edizioa izango da, baina duela zazpi urte batu ziren antolatzaileak eta, jaialdia bera ez ezik, hitzaldiak edota mahai inguruak ere ekarri dituzte herrira.