Kultur sorkuntza Aiaraldean

“Elkarlan hau komunitate sortzailea konektatuta egotearen emaitza da”

Aimar Gutierrez Bidarte 2025eko otsailaren 14a

Mikel Lazkanoren 'Beneath' pieza jantzi zuen Miren Gaztañagak Goya Sarietako alfonbra gorrian. / Aiaraldea.eus

MIKEL LAZKANO (Orozko, 1993) diseinatzailearen Beneath bildumako pieza jantzi du Miren Gaztañagak Goya Sarietako alfonbra gorrian. Londreseko moda industrian murgilduta dago orain orozkoarra, baina tartea atera du Aiaraldea Komunikabidearen galderak erantzuteko.

Miren Gaztañagak zuk sortutako jantzi bat eraman du Goya Sarietako galan. Nola jaso zenuen Mirenen deia?

Miren nirekin harremanetan jarri zen lagun bat dugulako komunean. Lagun horrek eta biok duela urte asko ezagutu genuen elkar, Laudioko musika eskolan. Batetik, hunkitu egin ninduen Gaztañagak nik diseinatutako zerbait jantzi nahi zuela esan zidanean; eta, bestetik, zer pentsa ere eman zidan, komunitatea lantzearen garrantziaz. Elkarlan hau komunitate sortzailea konektatuta egotearen emaitza delako (eskerrik asko, Nere).

Nolakoa da Mirenek erakutsiko duen jantzia? Zeintzuk dira bere ezaugarriak? Jantzia bilduma zabalago baten parte da?

Mirenek nire Beneath (behean) bildumako piezak jantziko ditu. Bilduma horrek geruzen kontzeptua aztertzen du —fisikoak zein metaforikoak—, jantzien gainazalaren azpian dagoenari arreta jartzen dio. Denboraren, grabitatearen eta ukimenaren ideietan errotuta dago, eta, bildumak jostunaren zehaztasuna eta erosotasunaren gozamena orekatzen ditu: “etxeko jantzi hedonistaren” ikuspegia proposatzen du. 

Ikuspegi honek gardentasunaren eta opakutasunaren arteko elkarrizketa ekarri zuen, neurrira egindako artile-caxmirezko kanpoko arropa zetazko chifonarekin eta nahastuz. Pieza bakoitzak bere sorreraren istorioa kontuan hartzera gonbidatzen du: nork egin zuen, non eta nola, kontsumo gogoetatsua sustatuz moda azkarreko panorama batean.

Nolakoa izan zen piezaren sorkuntza prozesua? 

Barruko eraikuntzan eta xehetasun harrigarri eta intimoan arreta jarriz dago diseinatuta; hala nola, bildumak janzten duenari gonbidapena egiten dio ukimenaren eta kontenplazioaren arteko konexiora, zetazko organza gardeneko poltsikoetan, esaterako. Mozketa, ehuna eta proportzioa lehenesten ditu eta material bakoitzaren propietateak ulertzeko eta optimizatzeko diseinu-prozesuak zehatzera eramaten du esperimentazioa, fabrikazio-maketak garatuz.

Urteak daramatzazu Londreseko moda munduan murgilduta. Nolako esperientzia ari da izaten? 

Londresera etorri nintzenean nire helburua industrian murgiltzea zen, maila profesionalean gaitasunak garatzea eta hesiak haustea. Aukerei dagokienez, modaren industriaren epizentro batean egoteak sare horren barruan hazteko aukera ematen du, bereziki, zure helburua sare horren parte izatea bada. 

Londresen egotea bikaina da, industriako loturak alde batera utzita, hiri benetan xarmagarria da, zaharra eta berria, super-hiriaren eta basoaren nahasketa bikaina duena, gainera. 

Maila pertsonalagoan, uste dut zer ekarriko zidan jakin gabe Londresera joateko arriskua hartu izanak orain arte bizi izan dudan hazkunde pertsonal handiena bultzatu duela. Atzerrira joan izanak konfiantza areagotu zidan. Horregatik halako erabaki bat hartzeko beldurra izan dezakeen edonori gomendatzen diot salto hori egitera eta horrek nora eramango duen ikustea.  

Zer lan edo proiektu duzu orain esku artean?

Gaur egun, luxuzko marka iraunkor ingeles batean ari naiz diseinatzaile lanetan. Lana oso teknikoa da, arreta handia jarri behar zaio material guztiek duten ziurtagiriei, besteak beste, kontuan hartuta hornitzaileak.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide