Poztasuna eta tristura nahastu zituen atzo Orozko Rock jaialdiaren 2025eko edizioaren aurkezpenak. Izan ere, egingo duten azkena izango da maiatzaren 24rako programatu duten kontzertu sorta.
Antolatzaileek azpimarratu zuten euren jarduera finantzatzea geroz eta zailagoa dela eta, hori dela eta, zazpi urteko ibilbidea amaituko dutela. Maiatzaren 24an ospatuko dute azken jaia Swamp Stringband, Arene 6, Nevadah, Barrrk, Moonshine Wagon eta AK & LA Woman talde eta DJekin.
Talde sorpresa
Horrez gain, Orozko Rockeko kideek ziurtatu zuten sorpresa handi bat izango dutela, baina, momentuz, ezin dutela iragarri zein taldek osatuko duen kartela. Ezuste handia izango dela azpimarratu zuten, hori bai.
Sarrerak
Sarrerak salgai daude jadanik Itxina tabernan. Berez, kontzertukoak 15 euro balioko du, eta, aparte, herri bazkariko txartela ere eskuratu daiteke, 10 euroren truke.
Antolatzaileek esker hitz ugari izan zituzten urte hauetan egindako kontzertu eta mahai inguruetan ezagutu duten jendearentzat, laguntzaileentzat eta abarrentzat.
Hitzartzearen ostean, Xabier Badiola bakarlariak jo zuen, Donibane Aretoa melodiaz betez.