Agurtzane Intxaurraga orozkoarrak izango du bere esku Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoei egingo zaien herri omenaldia zuzentzea, 36 urte bete baitu euren proiektuak.
Ez da erronka makala izango. Berez, ekitaldia maiatzaren 3an izango da BEC Arenan eta 14.000 sarrera daude salgai. Intxaurragaren ardura izango da ordu eta erdiko ekitaldiaren nondik norakoak diseinatzea eta antolatzea: argiztapena, soinua, kokapena... eta nola ez, parte hartuko duten artista ororen ekarpenak koordinatzea.
Musikari, dantzari eta bertsolari ezagunak batu dira ekimenera: Itziar Ituño, Gure Zirkuko kideak, Eñaut Elorrieta, Uxue Alberdi, Amets Arzallus, Olatz Salvador, Kai Nakai, Aitor Gorosabel, Maialen Lujanbio, Goazen! taldeko lagunak, Tapia eta Leturia, Oinkari Dantza Taldea, Bonborenea Txaranga, Beñat Gaztelumendi, Yogurinha Borova, Jon Maia, Gozategi, Ines Osinaga...
Pirritx, Porrotx eta Marimotots izango dira omenaldiaren protagonistak, jakina, baina egun horretan eurek ez dute oholtza hartuko, baizik eta euren jarduera eta konpromisoa aitortu nahi duten hainbat sortzailek. Horretarako, urte luze hauetan egin dituzten hamaika abesti hautatu dituzte.
Intxaurragak hitza hartu du gaur BEC Arenan bertan egin den prentsaurrekoan eta argitu du ikuskizuna ez dela izango soilik umeentzat, publiko ororentzat baizik. Orozkoarrak aurreikusi du pista "plaza handi bat bilakatzea" eta han sorpresa ugari egongo direla.
Intxaurragak inoiz zuzendu duen ekoizpen handiena izango da. Hiru oholtza eta pantaila erraldoiak izango ditu emanaldiak, besteak beste.
Sarrerak salgai daude jadanik nikeremaitezaituz.eus webgunean eta harmailetako tokien erdia hartuta dago dagoeneko.