Ikuskizunaren prestaketaren zein untean zaude orain?
Ba orain gutxienez badaukat ikuskizunaren hezurdura. Ane Labaka hasiko da testuak idazten. Okerrena da zer kontatu eta nola kontatu erabakitzea. BEC Arena porlanezko edukiontzia da, asmatu behar dugu nola erabili. Lasarten egingo balitz, kaleetan, nik jakingo nuke zer eta non kokatu une bakoitzean, baina BECen dena izango da batera.
Nola definituko zenuke ikuskizuna?
Diziplina anitzekoa izango da, musika talde handiarekin; harizko laukotea, combo bat bateria, trikitia, haizezko musika tresnak, gitarrarak... Horiek joko dute musika zuzenean Landarbaso Abesbatzarekin; hogei ume eta hogei gaztez osatuta. Horrez gain, artista ezberdinak igoko dira abestiak kantatzera. Adibidez, Uxue Alberdik eta Eñaut Elorrietak abestuko dute Ane pirata, bertsio originala eurek egin baitzuten. Hain zuzen, saiatuko gara abeslari originalak egoten, edo bestela, beste batzuekin.
Halaber, hiru oholtza egongo dira; bat handia eta beste bi txikiagoak eta pista bera ere oholtza handia izango da. Aldi berean gertatuko dira gauzak han eta hemen eta hiru pantaila handi egongo dira. Batek oholtzan gertatzen dena erakutsiko du, harmailetan dagoen jendeak ere ikus dezan gertutik, baina beste birekin bidaia egingo dugu pailazoekin. Horrek beste poetikotasuna emango dio. Ez da izango zuzeneko errealizazio hutsa, dramaturgiaren parte izango dira ikus-entzunezkoak. Saiatuko naiz ikuskizuna estetikoki ere begietatik oso ondo sartzea. Zailena izango da jende ugarik parte hartuko duela eta bezperara arte ez dudala bilduko.
Ordura arte ibiliko naiz batekin, gero beste batekin, grabatzen... Zatika. Puzlea bezperan hasiko gara lotzen eta ikuskizunean batura perfektua izatea espero dut.
Zenbat lagun espero dituzue?
14.000 ikusle. Inoiz ez dut horren ikuskizun handirik zuzendu. Egin ditut ekitaldiak Kursaalen, adibidez, baina ez hainbeste jenderako. Aintzat hartu behar dut, gainera, pistan ikusleak ez direla egongo eserita, batzuk zutik egongo dira, beste batzuk lurrean... Ez da aulkirik jarriko.
Horregatik behar dut pistan gauzak gertatzea, plaza batean egongo bagina bezala.
Zenbat abesti hautatu dituzue?
Hautatu ditugu hamar abesti, gehi Maite zaitut, baina azkenean beste bat ere egongo da, Pirritxek, Porrotxek eta Marimototsek bereziki abestu nahi dutena.
Horrez gain, trantsizioak egiteko musika ere egongo da. Musikak indar handia izango du, baina zirkua eta dantza ere egongo dira, baita eszena bera ere. Ikuskizun alaia, poetiko eta koloretsua izango da.
Zein izango da Pirritx, Porrotx eta Marimototsen protagonismoa?
Eurek ez dakite oraindik benetan zer gertatuko den. Noski izango dutela protagonismoa, baina ikuskizuna beraiei eskainitakoa da. Eurak ez dira izango protagonistak, ze protagonista herria bera da. Herriak omendu nahi ditu.
Dena den, ez dira pasibo egongo, baina ezin dut gehiago esan. Azpimarratu nahi dut herria dela protagonista, herriko sortzaileak, herriko jendea, herriko elkarteak... Izan ere, Bizipoza proiektuak berrogei elkarte batzen ditu eta pailazo hauek lortu dutena izan da gizartea indartzea. Euskara indartzeko abiatu ziren, baina gizartea izan da indartua, gizarte hobeagoan sinisten dutelako eta gizarte hobe horren alde borrokatzen direlako.
Aipatu duzu ez dela umeentzako ikuskizuna.
Nire helburua ez da umeentzako ikuskizuna egitea. Jende askok pentsatuko du, pailazoak daudenez, haurrentzako emanaldia izango dela, baina ez da horrela. Umeentzako ere izango da, jakina, baina baita 90, 40 edo 20 urte dituztenentzat.
Helburua da ikuskizun irekia egitea. Bertan parte hartuko duten artistak oso ezberdinak izango dira, gizartearen abaniko zabala hartzeko.
Ikuskizun poliedrikoa izango da gaur egungo gizartea gero eta anitzagoa baita.
Zein artistaren parte hartzea azpimarratuko zenuke?
Niretzat Xabi Zabala pieza oso garrantzitsua da. Hainbat urtez konposatu du euren musika eta ikuskizunarena ere egingo du. Ane Labaka ere, testuak josten joango delako, baina baita Xabier Lozanoren argiztapena, Unai Mimenzaren soinua, edo ikus-entzunezkoak. Oso talde handia da eta gako nagusia da Maite Zaitut elkartea. Eurek jarri dute bihotza, gogoa eta lana. Eurek esan zuten, "honetan sinisten dugu, egingo dugu". Alegia, eurek deitu ninduten.
Niri ez zitzaidan bururatu hau egitea, haiei baizik. Hortaz, eurak dira bihotza eta gu eskua.
Pistan ez da egongo aulkirik, zer espero duzue?
Lehenik eta behin, nik irudikatu nuen ikuskizuna Lasarten. Nik Hika Teatroarekin kaleko zein aretoko ikuskizunak prestatzen ditut eta ezagutzen ditut kalearen arauak. Pistan nahi dut uneren batean hamar plazatxo sortzea: altuerako ikuskizuna egitea... Ikusleak ezin izan dira pasiboak izan, euren inguruan zerbait gertatu behar da.
Adibidez, erraldoi pilo sartuko ditugu. Horrek plaza eraldatu, koloreztatu eta formaz aldatuko du. Pailazoak ere plazatik sartuko dira. Horregatik garrantzitsua da plaza betetzea.
Batzuek agian ez dute zutunik egon nahi, baina guztiok eseri gara lurrean plazan noizbait eta gero zutitu gara eta dantzatu dugu. Ikuskizun honetan gauza bera egingo dugu.
Zenbat iraungo du ikuskizunak?
Ordu eta erdi, gehienez. Gehiago ezin dugu luzatu.
Nola hartu duzu ardura?
Gauza guztiak hartzen ditudan moduan. Nire erosotasun eremutik alde egingo dut eta hori da nire buruari eragin diodana. Horrek beti loa kendu dit. Gehienetan ondo atera da eta beste batzuetan ez horren ondo, ezin duzulako dena kontrolatu. Dena den, horrenbeste urteko eskarmentuarekin eta taldearekin lortuko dugu. Hori bai, egia da loa kentzen didala, ardura izugarri handia baita. Ez bakarrik 14.000 lagunen aurrean egingo delako. Batez ere, Maite Zaitut elkartearen aurrean egingo delako eta baita Pirritx, Porrotx eta Marimototsen aurrean ere. Nik ez ditut traizionatu nahi. Kontrakoa, eta sabela estu daukat. Hala ere, sormena horrelakoa da. Sortzaile moduan horrelako prozesu batean zauden aldiro horrela zaude. Badakit bezperan hau dena kaotikoa izango dela. Bakoitza etorriko da bere zatitxoa egitera jakin gabe zer den beste guztia. Hori izango da momenturik zailena; jendea kokatzea, unea zehaztea...
Zuk harremana duzu Pirritx, Porrotx eta Marimototsekin?
Ni bizkaitarra naiz, baina Hika Teatroarekin 36 urte bete ditut eta eurek 37. Batez ere, ezagutu nituen pailazoak ama izan nintzenean. Hiru ume ditut eta lehenengo biekin joaten ginen emanaldietara, baina hirugarrenarekin gainezka egin genuen eta bideoz ikusi du dena. Ikuslea izan naiz, baina harremana daukat gehienbat Jose Marirekin. Bera etortzen da Hika Teatroko ikuskizunetara eta Aiora eta Mertxerekin ez dut izan. Oholtzan ikusi ditut eta hainbat herritarrek bezala, umeei argazkiak egin dizkiet eurekin.