Orozkoko herritarren mugikortasuna eta segurtasuna hobetzeko aukera dagoela ohartarazi du EH Bilduk, eta horretarako hainbat proposamen aurkeztu ditu Udalean. Oposizioko udal taldeak azaldu du azken urteotan herritarrek egin dituzten eskakizunei erantzun nahi diotela proposamenek, eta hiru guneri eragiten diote gehien bat.
Alde batetik, herriko plazaren ingurua oinezkoentzat egitean jarri dute arreta. Izan ere, azaldu dutenez, “pibote bat jarri zen Oderiaga kalean, baina, plazaren inguruko peatonalizazioa ez da aurrera eraman” eta garrantzitsutzat jo dute herriko erdigunean oinezkoek izatea lehentasuna.
Bestalde, herritarren artean “kolesterolaren ibilbidea” izenez ezaguna den Matarteko bidea hobetzeko proposamenak ere egin dituzte, argiteria faltagatik ilunpean geratzen baita bidea gauez, “eta, ondorioz, gune ez seguru bilakatzen da”. Horretaz gain, bertan atseden hartzeko guneak eta paperontziak jartzea ere proposatu dute EH Bilduko kideek.
Matarteko bidea beraz gain,Hegoalde-Matarteko sarrerako biribilguneko bide-segurtasuna ere hobetu behar dela seinalatu du EH Bilduk, hala jakinarazi baitute zenbait herritarrek. “Izan ere, Ibarra inguruko auzoetatik Zubiaurrerako noranzkoan jaisten diren eta birbilgunetik irtetzen diren autoek zailtasunak dituzte zebrabidetik oinezkoren bat igarotzen ari den ikusteko” azaldu dute.
Hori dela eta, sei proposamen zehatz aurkeztu ditu EH Bilduk Orozkoko Udalean:
- Herriko plaza inguruetako oinezkotzeari bide ematea, Oderiaga kalea eta Orozko-Areatza errepidearen plazaren zatia oinezkoentzat egitea.
- Udalak azkenaldian kaleko argiteriaren egoeraren azterlanaren baitan, Matarteko bidea ere aztertzea.
- Matarteko bidearen hasiera eta amaiera lotzen dituen Olabarritik Berazarainoko Muguru auzoko bidea argiztatzea.
- Trafiko askodun eta oinezkoen lehentasunezko bideak eta zebrabideak identifikatu eta segurtasun arazoak dauden aztertzea.
- Goraguneak jartzea trafiko asko duten eta oinezkoek maiz erabiltzen duten zebrabideetan.
- Argi seinaleak jartzea identifikatutako zebrabideetako pintura-bandetan, edota alboko trafiko seinaleetan argi-seinaleak instalatzea espaloian edo zebrabidean mugimendua detektatzean.